Ekonomia -

Euskal enpresak

Segurtasun juridikoa eskatu du Tapiak, Iranera esportatu ahal izateko

NBAk, AEBk eta Europar Batasunak Irani ezarritako zigorrak bertan behera utzi izana "oso positibotzat" jo du Garapen Ekonomikorako eta Lehiakortasunerako sailburuak.

Garapen Ekonomikorako eta Lehiakortasunerako sailburu Arantza Tapia. Argazkia: EFE
Garapen Ekonomikorako eta Lehiakortasunerako sailburu Arantza Tapia. Argazkia: EFE
Marko juridikoa ondo zehaztu behar dela ohartarazi du Tapiak

0:30

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Garapen Ekonomikorako eta Lehiakortasunerako sailburu Arantza Tapiak "segurtasun juridikoa" eskatu du Iranera euren produktuak bidaltzen dituzten euskal enpresentzat.

Getariako Txakolinaren uzta berriaren aurkezpenean izan da igande honetan Tapia, Getarian bertan, eta adierazpen hauek egin ditu komunikabideen aurrean.  NBAk, AEBk eta Europar Batasunak Irani ezarritako zigorrak bertan behera utzi dituzte, behin akordio nuklearra beteta, eta berri horren inguruan mintzatu da Tapia.

Sailburuaren esanetan, berria "ona da, lehenik eta behin Irango herriarentzat, zigorren mende bizitzeak ez baitu garapenik ekartzen, beraz, ikuspuntu horretatik erabat positiboa da". Gainera, "enpresentzako egoera berria izango da", baita euskal enpresentzat ere, "horietako asko jada Iranen lanean daudela".

"Makina-erreminta saltzen duten enpresa batzuen kasuetan, jakin izan dugu arazo anitz izan dituztela, Atzerri Merkataritzaren baimena zutelako, baina Guardia Zibilarekiko arazo larriak izan dituzte geroago, makina horiek erabilera bikoitza izan zezaketen susmoa baitzuten", azaldu du Tapiak.

Hori dela eta, "segurtasun juridikoa behar dugu", sailburuaren iritzian. "Merkatal-harreman normalizatuak izan arte, denbora igaro beharko da, eta hurbiletik jarraitu beharko dugu auzia", iragarri du.

"Iranen jada lanean zeuden euskal enpresak merkatua aztertzen ari dira, eta Eusko Jaurlaritza, SPRIren bitartez, Irango bi aholkularirekin lanean ari da", esan du Tapiak. Horren harian, "duela bi hilabete Bilbon izandako Intergune topaketan aholkulari horien analisiaren aurkezpena izan zen".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ekonomia albisteak Albisteak