Ekonomia -
Eusko Legebiltzarrean
Frantzian ekaina aurretik antxoa ez hartzea zalantzan jarri dute
Eusko Jaurlaritzak antxoa arrantzatzeko ikuskaritza lanak abian jarriko ditu. Portuetan, fabriketan, merkatuetan eta antxoaren banaketan kontrolak egingo dituzte.
Erredakzioa
Eusko Legebiltzarreko alderdi politikoek Pilar Unzalu Arrantza sailburuari luzatu dizkiote antxoaren gaineko zalantzak. Frantzian ekaina aurretik antxoa ez hartzeko Eusko Jaurlaritzaren kontrol-lanak zalantzan jarri dituzte alderdi politikoek, hain zuzen ere.
Frantziako eta Espainiako arrantzaleen arteko akordioaren arabera, antxoaren arrantzaldia espainiarrentzat martxoaren 1etik maiatzaren 31ra doa eta frantziarrentzat, aldiz, ekainaren 1etik aurrera.
Pilar Unzaluk Eusko Legebiltzarrean egin du agerraldia EAJk eskatuta. Bertan, udaberrian antxoa arrantzatzea ahalbidetuko duen akordioaren nondik norakoak azaldu ditu.
Europar Batasuneko (EB) Ministroen Kontseiluak hartutako erabakiagatik pozik agertu da Unzalu. Bizkaiko Golkoan antxoaren debekualdia amaitzea onartu du EBk, 5 urtez itxita egon eta gero. Ildo horretan, "denoi poztu behar dien berria" dela esan du; izan ere, "arrantzaleen onerako da eta sektore horren menpe dauden beste enpresa askorentzat ere onura dakar".
Horren harira, Frantziak ekaina aurretik Bizkaiko Golkoan antxoa ez arrantzatzeko zaindari-lana egingo duela esan du Eusko Jaurlaritzak, eta portuetan, fabriketan, merkatuetan, antxoaren banaketan, dendetan eta errepideetan ere kontrolak egingo dituztela jakinarazi du.
Kontrol horietan antxoaren jatorria, helmuga, neurria, etiketa eta dokumentazioa aztertuko dute.