Ekonomia -
Martxoaren 30ean
Espainiako Gobernuak dekretu bat onartuko du krisiari aurre egiteko
Zapaterok iragarri duenez, kredituei, etxebizitzen birgaitzeari eta enpleguari zuzendutako larrialdiko neurriak aurreikusten dituen testu bat osatzen ari dira. Ekonomia Iraunkorraren Legea, onartuta.
Erredakzioa
Espainiako Gobernua testua osatzen ari da krisiari aurre egiteko larrialdiko neurriekin eta, alderdi politikoekin adostu ostean, erret lege-dekretu batean onartuko dituzte, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak iragarri duenez.
Gobernuak martxoaren 30eko Ministroen Kontseiluan onartu nahi du dekretua, Aste Santua baino lehenago, Moncloako iturrien arabera.
Sevillan gaur egin duten Ministroen Kontseiluaren ostean emandako prentsaurrekoan, Zapaterok esan du PPren jarrera "konstruktiboa" espero duela aipatu hitzarmena lortzeko.
Gobernuburuak azaldu duenez, txostena datorren astean helaraziko diete alderdi politikoei.
Kredituak, etxebizitza eta enplegua
Larrialdiko neurri horiekin, kredituei, etxebizitzen birgaitzeari eta enpleguari erraztasunak ematea izango dute helburu.
Zapaterok alderdi politikoekin akordioetara iritsiko den esperantza agertu du, izan ere, egun arte egin dituzten bileretan iritzi "dezentetan" egin omen dute bat, hartu behar diren larrialdiko neurrien inguruan.
Ekonomia Iraunkorraren Legea, onartuta
Sevillan bildutako ministroen Kontseiluak Ekonomia Iraunkorraren Legea ere onartu du, "jarduera ekonomikoa zuzentzen duten alor asko goitik behera aldatzeko eta Espainiako ekonomia modernizatzeko aurrerapauso gisa".
Zapaterok azaldu du proiektua "anbizio handikoa" dela eta "berritzaileagoak eta lehiakorragoak" izatea ekarriko duela.
"Orainerako eta etorkizunerako" egindako legea da gobernuburuaren arabera, eta "adostasunerako borondatea" erakutsi du Kongresuko eztabaidara begira.
Zapaterok azpimarratu du ekoizpen eredua aldatzea dela helburu nagusia; ezin baita, haren esanetan, eraikuntzaren eta espekulazioaren menpean bizi, eta etxebizitzak birgaitzearen aldeko apustua egin du.