Ekonomia -

EUSKO JAURLARITZA

Atzerriko 22 inbertsio berri erakarri zituen SPRIk EAEra 2015ean

Inbertsio horiek 137,05 milioi euroko ekarpena egin zioten EAEri. Atzerriko inbertsioa Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Produktu Gordinaren % 20a da.

Arantza Tapia eta Alex Arriola (SPRI), gaurko agerralian. Argazkia: Irekia
Iaz, lau aldiz handitu zen atzerriko inbertsioa, 608 lanpostu sortuz

1:30

ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2015ean 22 industria proiektu berrik Euskal Autonomia Erkidegoan inbertitu  zuten, 'Invest in the Basque Country' SPRIren unitatearen bidez. Modu horretan, "lau aldiz baino gehiago biderkatu da aurreko urtean lortutako inbertsioen kopurua", Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak jakitera eman duenez. 'Invest in the Basque Country 2015' ekimenaren emaitzak azaldu ditu prentsaren aurrean sailburuak,  Alex Arriola SPRIko zuzendariarekin batera.

22 inbertsio horiek 137,05 milioi euroko ekarpena egin zioten EAEri. "Horri esker, 608 lanpostu berri sortu dira eta 1.027ri eutsi zaie. Urtebete lehenago, SPRIren atal honek 5 proiektu eskuratu zituen, 15 milioiko inbertsioa lortu zen, eta 175 lanpostu sortu eta 200 lanposturi eutsi zitzaien", esan du Tapiak.

Euskadin "atzerriko inbertsioak atzematea da Eusko Jaurlaritzak bere industria eta garapen ekonomikoaren arloan historikoki landu duen ildo estrategikoetako bat", eta hori SPRIren eginkizunen artean kokatu izan da, sailburuaren hitzetan.  Aipatutako 22 proiektuetatik, 13 Bizkaian kokatu dira, 5 Araban eta 4 Gipuzkoan.  Ekoizpen-plantak garatzea eta enpresetako I+G+B unitateak sortzea izan da egitasmoon helburu nagusia.

Atzerriko inbertsio gehien erakartzen duen Estatuko hirugarren erkidegoa da EAE, Madril eta Kataluniaren atzetik.  Denera, egun, atzerriko kapitala duten 700 enpresa daude Euskadin (54.000 lanpostu), horietako gehienak energia, automozio edota aeronautika alorretakoak.

Atzerriko inbertsioa Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Produktu Gordinaren %20a da, eta 2016an puntu bat gehiago handitzeko asmoa azaldu du Tapiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errusiaren inbasioak eragindako krisia Ekonomia Albisteak Gaur Albisteak