Ekonomia -

Inkonstituzionalak direlakoan

PPk 2010eko Aurrekontuen kontra joko du Konstituzionalean

Konstituzioa urratzen dutela uste du aplikazio gasturako partida guztiak agertzen ez direlako eta Andaluziako zor historikoaren ordainketak, Konstituzioaz gain, Estatutua ere urratzen duelako.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PPk helegitea jarriko du Auzitegi Konstituzionalean 2010eko Estatuko Aurrekontu Orokorren kontra aplikazio gasturako partida guztiak agertzen ez direlako eta Andaluziako zor historikoaren ordainketak, Konstituzioaz gain, Estatutua ere urratzen duelako.

Hala iragarri du Soraya Saenz de Santamaria PPk Kongresuan duen bozeramaileak prentsaurrekoan. Inkonstituzional jotzeko beste arrazoietako bat Estatuko loterien merkaturatzeari buruzkoa da.

PPren bozeramailearen esanetan, Aurrekontuak "mugatuta daude konstituzionalki" diru-sarrera eta gastuen aurreikuspenera, eta beti ere urtebeteko iraupenera mugatuta.

Ezin dute izan, beraz, aurreikuspen horien arabera egiten ez diren neurririk, eta loterien kasuan egin nahi dituzten aldaketak ez dira aldi baterako, betiko baizik, Santamariaren ustez.

Gainera, iragan abenduan onartutako legean ez omen dira urteko gastuen partida guztiak agertzen, beraz, gastu guztien unibertsaltasun eta osotasun printzipioa ez dela errespetatzen iritzi dio PPren eledunak.

Zor historikoa

Andaluziako zor historikoaren ordainketari dagokionez, Gobernuak ezarri duen modua (orubeen bitartez) inkonstituzionala dela eta Andaluziako Autonomia Estatutua urratzen duela esan du Santamariak.

Haren esanetan, "andaluziarrentzat iruzurra" da, eta orubeen tasazioa "onargarri jo daitekeenetik oso urrun" omen dago.

"Iruzur handia da Konstituzioarentzat, Estatutuarentzat, legearentzat, baina batez ere andaluziarren sentimenduentzat, duintasunarentzat eta eskubideentzat", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea