Ekonomia -

Aparteko saria

Jaurlaritzak apirilean emango du 2012an kendutako soldataren laurdena

Horrekin batera, soldataren % 1eko igoera, asteko 35 orduko lanaldia eta gai pertsonaletarako 6 egun izateko aukera berreskuratzea berretsi du.

Andres Zearreta Funtzio Publikoaren kontseilariordea. Argazkia: Irekia
Andres Zearreta Funtzio Publikoaren kontseilariordea.
Funtzio publikoko mahai orokorra bildu da, baina akordiorik ez

1:27

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak EAEko Administrazioaren Negoziazio Mahai Orokorraren bileran iragarri du apirilean ordainduko duela 2012an langile publikoei kendutako aparteko soldataren % 25.

Jaurlaritzak ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuak deitu ditu gaurko mahaira, EAEko Administrazio Publikoko langileen ordezkari diren heinean.

Jaurlaritzak Andres Zearreta Funtzio Publikoko sailburuordea, Juan Maria Barasorda Funtzio Publikoko zuzendaria, Estefania Gordoa Lan Harremanen zuzendaria, Maite Iruretagoiena Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria, Jose Maria Armentia Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendaria, Karmele Arias Segurtasun Saileko Giza Baliabideen zuzendaria, Jon Uriarte Justizia Administrazioko zuzendaria eta Konrado Mugertza Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Langileak kudeatzeko zuzendaria eraman ditu bilerara.

Antzinatasunagatik ematen diren opor egun gehigarriak 2016an berreskuratzea proposatu die Jaurlaritzak sindikatuei, 2012an kendu ondoren.

Hala, EAEko Administrazio Publikoko langileek "seigarren hirurtekoaren ondoren bi opor egun gehiago izango dituzte, eta egun bat gehiago izango dute beste hirurteko bat betetzen duten bakoitzean, zortzigarren hirurtekotik aurrera".

Jaurlaritzak aurreikusi du neurri horrek sei milioi euro inguruko inbertsioa eskatuko duela.

Bestalde, Jaurlaritzak jakinarazi du apirilean ordainduko duela Espainiako Gobernuak 2012an kendu zuen aparteko sariaren % 25.

Horrekin batera, soldataren % 1eko igoera, asteko 35 orduko lanaldia eta gai pertsonaletarako 6 egun izateko aukera berreskuratuko ditu.

Langile publikoen lan-baldintzak hobetzeko neurri sorta horretarako 106 milioi euro inguruko inbertsioa egingo dute 2016an.

Sindikatuen protesta

Sindikatuek kontzentrazioa egin dute Jaurlaritzaren egoitzaren parean, Gasteizko Lakuan, bilera baino minutu batzuk lehenago. Igor Eizagirre ELAren ordezkariak esan du "oso garrantzitsua" dela 35 orduko lan-astea berreskuratzea, baina "2010eko mahai orokorreko akordioa osorik" betetzea eskatu du, "murrizketa guztiak iraultzeko".

Bestalde, Mari Cruz Vicente CCOOkoak berretsi du negoziazio kolektiboa berreskuratu beharra dagoela, eta negoziatzeko egutegia eskatu du, "krisiaren aitzakian bertan behera geratu ziren eskubide guztiak mahai gainean jartzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Funtzionarioak bideoak Ekonomia berriak Eguneko albisteak