Ekonomia -
Goi-bileraren aurretik
Merkelek berriro baztertu du Greziari berehala laguntzeko aukera
Espainiak 2.000 milioi euro eman beharko ditu Euroguneko buruzagiek hala erabakitzen badute eta badirudi Alemania dela kontra dagoen bakarra.
Erredakzioa
Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak baikortasun mezua zabaldu du gaur eta euroaren arrakasta azpimarratu du, Greziak krisi ekonomiko larriari aurre egiteko berehalako laguntzarik ez duela behar berretsi baino lehenago.
Bruselan Euroguneko agintariek egingo duten goi-bileraren aurretik, kantziler alemaniarrak azpimarratu du orain arte ez dela beharrezkoa izan Greziari diruz laguntzea eta azpimarratu du Grezia ez dagoela kaudimenik gabe, aurrezki egitasmoa aurkeztu duela eta zorra nazioarteko merkatuetan kokatzea lortu duela.
Alemaniako gobernuburuak onartu du Euroguneko kide bakar bat kaudimenik gabe geratzen bada "arrisku larria" sor lezakeela, baita Alemaniarentzat ere, baina ziur dago Europar Batasunak egungo egoera gaindituko duela.
Espainiak 2.000 milioi emango lituzke
Espainiak 2.000 milioi euro eman beharko ditu Euroguneko buruzagiek hala erabakitzen badute eta badirudi Alemania dela kontra dagoen bakarra.
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako eta Europar Batasuneko txandakako presidenteak Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidentearekin gosaldu du goi-bileraren nondik norakoak aztertzeko eta biek iritzi bera agertu dute: beharrezkoa dela Greziari laguntzeko neurriak hartzea.
Euroguneko 16 kideek (oraindik Alemaniaren baiezkoaren zain daude)laguntza hori ematea onartzen badute, Espainiak, Euroguneko BPGn duen pisuarengatik, kredituaren % 12,5 eman beharko du, hau da, 2.000 milioi euro.