Ekonomia -

Beharginen batzarra

TRWko langileek 123 kaleratze onartu dituzte

Langileen gehiengoak eman dio babesa multinazionalaren zuzendaritzak egindako azken proposamenari, lau orduko eztabaidaren ondoren. 327k aldeko botoa eman dute, 223k kontrakoa eta 10ek boto zuria.

TRWko enpresa-batzordearen eta zuzendaritzaren arteko bilera bat. Artxiboko irudia: EFE
TRWko enpresa-batzordearen eta zuzendaritzaren arteko bilera bat. Artxiboko irudia: EFE
TRWko enpresa-batzordearen eta zuzendaritzaren arteko bilera bat. Artxiboko irudia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñeko TRW enpresak Landabenen jarraituko du, baina 123 lanpostu gutxiagorekin. Enpresa-batzordeak gauerdian bozkatu du multinazionalaren zuzendaritzak egindako azken proposamena, eta gehiengoak baiezkoa eman dio agiri horri, Euskadi Irratiak jakitera eman duenez. Honenbestez, Landabengo lantegiaren etorkizuna bermatuta geratuko da, baina kaleratze espedientea aplikatuta.

Langileen gehiengoak eman dio babesa multinazionalaren zuzendaritzak egindako proposamenari, lau orduko eztabaidaren ondoren. 327k eman dute aldeko botoa; 223k langilek kontrakoa eta hamarrek boto zuria. Proposamena babestearekin batera bertan behera utzi dute azken egunetan hasitako greba.

Enpresa-batzordean ordezkaritza duten ELA, LAB eta CGT sindikatuek proposamenaren aurka egiteko eskatu zieten langileei; gehiengoa duten CCOO eta UGTk, proposamena “txarra” dela onartuta ere, boto askatasuna eman zieten langileei.

Multinazionaleko buruzagien azken proposamenak ezinbesteko jotzen du 123 langileren kaleratzea enpresaren etorkizuna bermatzeko; eta baita lan hitzarmenean murrizketak egitea ere. Proposamenari baietz esanagatik, langileen artean “atsekabea” nagusitu dela esan du Pedro Larrea enpresa-batzordeko kideak.

“Sentsazio garratza”

Akordioa “sentsazio garratz” batekin onartu dutela onartu du Josi Alvarez enpresa-batzordeko presidenteak. “Azkenean guztiarekin talka egiten duzu, multinazional batek eta legearekin; bidegabekeria handia da”, deitoratu du.

Aurretiko erretiroak, borondatezko irteerak eta kaleratzeak jasotzen ditu proposamenak; trukean Landabengo lantegiaren etorkizuna bermatzeko konpromisoa hartuko du zuzendaritzak.

Bestalde, negoziazio “konplexu eta zailak” izan direla onartu du zuzendaritzak, Landabengo lantegiaren “etorkizunerako egitasmo on” bat dela goraipatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisia Iruñea Albisteak Nafarroa Lana albisteak Automobilgintza Euskadin eta Nafarroan