Ekonomia -
Vital Kutxaren batzarra
EAEko hiru aurrezki-kutxen bat-egitea defendatu du berriro Rojok
68 milioi euroko mozkinak lortu zituen Vital Kutxak 2009an, aurreko ekitaldian baino % 10 gutxiago.
Erredakzioa
EAEko hiru aurrezki-kutxen bat-egitea defendatu du beste behin ere Gregorio Rojo Vital Kutxako presidenteak gaur eta aurrezki-entitateak "despolitizatzeko" beharra azpimarratu du, finantza-sistema "eraginkor eta lehiakor" bat lortzeko.
Ohiko batzarra egin du arratsaldean Vital Kutxak. Bihar ez ohiko batzarra egingo dute kideen erdia berritzeko.
Kutxen bat-egitea berriz defendatu du Rojok eta "orain hasita, egiteke" dagoen gauza bat dela adierazi du. Baina bat-egiteak ez du funtzionatuko irizpide "profesionalak eta ekonomikoak" erabiltzen ez badira, eta "lurraldeetako aniztasuna eta ordezkaritza errespetatzen ez baldin badira".
Kutxen Legea aldatzeko aukeraz mintzatu eta entitateak "despolitizatzearen" alde agertu da, finantza-sistema "eraginkor eta lehiakor" bat izateko.
68 milioi euroko mozkinak lortu zituen Vital Kutxak 2009an, aurreko ekitaldian baino % 10 gutxiago. Hala ere, Espainiako bigarren aurrezki-kutxa onena jarraitzen du izaten, emaitzen eboluzioari dagokionez, Cajasturren atzetik.