Ekonomia -

Aurreikuspen ekonomikoa

EAEko ekonomia % 0,5 haziko da 2010ean, Jaurlaritzaren arabera

Datorren urterako, Barne Produktu Gordinaren hazkundea % 1,8koa izango dela aurreikusi dute. Carlos Aguirre Ekonomia sailburuak Osasun alorreko gastuen murrizketa azpimarratu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak berritu egin ditu EAEko ekonomiaren aurreikuspenak 2010erako eta 2011rako, eta hurrenez hurren, BPG % 0,5 eta % 1,8 haziko dela iragarri du.

Carlos Aguirre Ekonomia sailburuak eman ditu datuok Legebiltzarreko Ekonomia eta Ogasun Batzordean, ekonomiaren egoerari buruz hitz egiteko eman duen agerraldian.

Aurten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Barne Produktu Gordinaren hazkundea batez beste % 0,5koa izango dela aurreikusi dute, aurretik egindako aurreikuspenekoa baino % 0,4 handiagoa.

Eusko Jaurlaritzak uste du aurtengo bigarren seihilekoan euskal ekonomiak urtearteko tasa positiboak izango dituela, hasieran pentsatzen zutena baino hiru hilabete lehenago, eta bost hiruhilekotan datu negatiboak eman ostean.

Datorren urteari dagokionez, hazkundea % 1,8koa izango dela aurreikusi dute, hau da, susperraldiaren "egonkortzea" ekarriko lukeela. Hala, Eusko Jaurlaritzak adierazi du susperraldia "geldoa baina iraunkorra" izango dela.

Zerga-bilketaren beherakada

Aguirrek azaldu duenez, azken bi urteotan % 21 baino gehiago murriztu da zerga-bilketa; ondorioz, % 4,4 murriztu da BPGren gaineko bilketa, 2005eko mailatik behera kokatuz.

Aguirrek esan du hori dela arazo nagusia, "2010eko gastuak 2005eko diru-sarrerekin egokitzea, Eusko Jaurlaritzaren eskumenak, batez ere, laguntza sozialak direnean".

Sailburuak azpimarratu du "Europako estandarrekin bateragarriak diren zerga-presiora itzultzeak" ekarriko lukeela "aurrekontuan orekara itzultzea, zerbitzu publikoak mantentzea eta hobetzea ahalbidetuz".

Osasun alorreko gastuak murriztea

2010 eta 2012 artean Gobernuak "gastuak arrazionalizatuko" ditu epe luzerako lanpostu huts eta"“justifikatu gabeak" deuseztatuz, aldi baterako langileak murriztuz, behin behineko pertsonala murriztuz, etab.

Funtzionamendu gastuei dagokienez, Jaurlaritzak esfortzu berezia bideratuko du Osasun alorreko gastuen murrizketan, izan ere, aurrekontuaren % 35 hartzen du. Horretarako, Aguirrek aurreratu duenez, farmazia alorreko gastuak gutxituko dituzte. Hala, generiko gehiago erabiliko dituzte, printzipio aktiboak preskribituko dituzte eta errezeta elektronikoa ezarri, Osakidetzako gastuak "arrazionalizatu" eta sare pribatuarekiko hitzarmenak berrikusiko dituzte, gastuak % 10 gutxitzeko helburuarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea