Ekonomia -

Datarik ez du zehaztu

ArcelorMittalek Zumarragako lantegiko ekoizpenaren zati bat etengo du

Lantegiko arduradunak beharginekin bildu dira goizean egoeraren berri emateko.

Arcelor Mittal Zumarraga
Arcelor Mittal Zumarraga
Zumarragako lantegiak galera handiak dituela dio ArcelorMittalek

1:11

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zumarragako (Gipuzkoa) lantegiko ekoizpenaren zati bat eten egingo duela iragarri du goizean ArcelorMittal enpresak, baina ez du horretarako datarik zehaztu. Lantegiko arduradunak beharginekin bildu dira -325 langile ditu Zumarragako lantegiak- egoeraren berri emateko.

ArcelorMittalek ekoizpenaren zati bat taldeak beste toki batzuetan dituen lantegietara eraman nahi du eta langile batzuk birkokatu.

Zuzendaritzak ArcelorMittalen beste lantegi batzuetan birkokatzeko aukera eskainiko die langileei eta, negoziazioa nola amaitzen denaren arabera, erabakiko du ekoizpenaren zein zati mantendu Zumarragan, multinazionalak berri eman duenez.

Halaber, enpresak Zumarragako lantegian geldi daitezkeen langileen lan-baldintzak aldatu nahi ditu.

Gaurtik aurrera kontsulta epe bat zabalduko da eta, tarte horretan, talde osoan indarrean dagoen lan erregulazioko txostenera batzeko aukera izango dute langileek.

Urola Garaiko lantegiak altzairuzko hariak eta barrak ekoizten ditu eta, besteak beste, "merkatu iberikoan dagoen gehiegizko gaitasunak" lantegiaren errentagarritasunean eragina izan du, enpresaren arabera.

Gainera, bereziki, Txinatik eta beste herrialde batzuetatik inportatutako produktu siderurgikoen gorakadari ere egotzi dio zuzendaritzak jardueraren etena.

Enpresak aipatu dituen beste arrazoiak energiaren kostua eta txatarra inportatzeak duen gastu altua dira, hori da hain zuzen ere Urola Garaiko lantegian erabiltzen den lehengai nagusia.

Lantegia aldi baterako itxi behar zuela iragarri zuen 2014ko abuztuan. 300 langile baino gehiago ditu ArcelorMittalen Zumarragako plantak. Garai bateko Orbegozo enpresa erosi zuen Mittal talde indiarrak duela urte batzuk. Urola Garaiko enpresarik garrantzitsuenetakoa izan da urtetan; eraikuntzako kofratuan erabiltzen den barra mehe luzea ekoizten da bertan, batez ere.

"Behin betiko itxiera" dela salatu du ELAk

ELA sindikatuak azaldu duenez, zuzendaritzak lantegiko ekoizpenaren zati bat etengo duela iragarri die, baina sindikatuak "behin betiko itxiera" izango dela uste du.

Sindikatuaren esanetan, "behin behinean" eta "zuhurtziaz" enpresak proposatu diena ondorengoa da: "behin betikoa izango den itxiera partziala". Halaber, langile finkoak taldearen beste lantegi batzuetan birkokatzea proposatu du, Zumarragaren "heriotza industriala" litzatekeena.

"Banakako konponbideez harago, Zumarragako proiektu industriala dago jokoan", azpimarratu du sindikatuak.

Ildo horretan, sindikatuak azaldu du Zumarragako lantegian 350 langile propio inguruk egiten dutela lan, baina horiei beste 200 inguru gehitu behar zaizkiela, ArcelorMittalentzat lan egiten duten beste lantegiak kontuan hartu gabe.

CCOO: "Euskadiko sektore siderurgikoa kolpe batez desagerrarazi nahi dute"

Bestalde, CCOOk salatu du Sestaoko altzairutegia epe jakinik gabe itxita eta orain Zumarragako lantegiko ekoizpenaren zati bat etenda, ArcelorMittalek “Euskadiko sektore siderurgikoa kolpez batez desagerrarazi” nahi duela.

Sindikatuak gogora ekarri du Sestaoko fabrika gelditzea erabaki zutenetik, enpresak ez duela argi hitz egin eta “Euskadiko siderurgiarekiko konpromiso falta” erakutsi duela salatzen aritu izan direla.

“Multinazionalak mahai gainean jarri zuen dumpingaren kontrako eta koste energetikoaren aurkako neurriak hartzeko beharra, baina inoiz ez du argitu zeintzuk izango liratekeen neurri horiek eta ekoizpenari eustea ahalbidetuko luketen edo ez”, deitoratu dute.

Horrez gain, CCOOk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio Jose Manuel Soria Industria ministroaren “utzikeria” salatzeaz gain, “premiazko neurriak” hartzeko eta Euskadiko industriaren aldeko “urratsak emateko”.

Sestaoko eta Zumarragako lantegietan guztira 700 lanpostu daude, multinazionalaren menpeko enpresa txiki eta ertainak eta azpikontratak kontuan hartu barik.

LAB: “Aurretik prestatutako plan baten ondorioa da”

LAB sindikatuak “ehunka langileren etorkizunarekin jolasten” ari direla eta, oro har, “euskal gizartearen lepotik barrezka” ari direla salatu du.

“Ehunka langileren etorkizuna jokoan jarri dute, informazioa ezkutatzen dute eta euren interesen onurarako errukirik gabe jokatzen dute”, kritikatu dute.

LAB ziur dago ArcelorMittalek hartutako erabakia “aurretik prestatutako plan baten ondorio” dela. “Jaurlaritzak bazekien zein zen ArcelorMittalen asmoa eta, beraz, plana exekutatzeko ezinbesteko kolaboratzailea izan da; enpresa hori Jaurlaritzaren lepotik eta, ondorioz, euskal gizartearen lepotik barrezka ari da”, azaldu du.

Hortaz, “Bruselan multinazional horien mandatuak egiteari uzteko eta sektore horretako lanpostuak eta etorkizuna bermatzeko lanean hasteko” deia luzatu dio LABek Jaurlaritzari.

UGTk inbertsio plana eskatu du

UGTk, berriz, inbertsio plan  bat exijitu du, Zumarragako lantegiaren bideragarritasuna bermatzeko.

Konponbidea egongo bada, lanpostuak mantendu behar direla azpimarratu du sindikatuak.

“Ezinbestekoa da aurreko lan-hitzarmenean adostutako inbertsio plana betetzea, lantegia bideragarria izan dadin, eta ArcelorMittalek ez du horrelakorik egin fabrika erosi zuenetik”, kritikatu dute.

Zumarragako lantegiko ekoizpenaren zati bat etetearen aurka agertu da UGT, eta ohartarazi du langileak nahiz produkzioa beste fabrika batzuetara lekualdatuta “ehunka lanpostu suntsituko” direla, zuzenekoak nahiz zeharkakoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Gipuzkoa Lana albisteak Gaurko titularrak Zumarraga bideoak Eguneko albisteak Lan gatazkak azken ordukoa Metalgintza