Ekonomia -

Ezbeharra Santa Clara fabrikan

Lan-istripua salatzeko protesta egingo dute gaur Ondarroan

Bi orduko lanuztea eta manifestazioa egingo dute, sindikatuek deituta. Bi dolu egun ezarri ditu Udalak.

Larrialdietako langileak Santa Clara fabrikako ingurua garbitzen. EFE
Gehiengo sindikalak lanuztea deitu du Ondarruko lan istripua salatzeko

1:03

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek mobilizazioak iragarri dituzte astelehenean Ondarroako Santa Clara izotz fabrikan izandako lan-istripua salatu eta horrelako ezbeharrak saihesteko neurriak eskatzeko.

Hala, gaurko bi orduko lanuztea eta manifestazioa deitu dituzte bi langileen heriotza salatzeko. Hala, 11:30etik 13:30era lanuztea egingo dute, eta 12:30ean manifestazioa abiatuko da Zaldupeko zubitik.

Ibon Zubiela (LAB) eta Leire Heredia (ELA) ordezkari sindikalek Bilbon eskainitako prentsaurrekoan atzo azaldu zutenez, oraindik ez dago argi zerk eragin zuen istripua, "amoniako ihesa dela eta, ezin izan direlako lantegian sartu", baina, sindikatuen ustez, "argi dago zerbaitek kale egin zuela". Hori horrela, erantzuleak topatzeko deia egin zuten.

Zubielak eta Herediak emandako datuen arabera, 2016ko hiru hilabete hauetan 11 langile zendu dira Bizkaian, eta hiru, Nafarroan. Lan-istripuok "ez dira zoriaren ondorio, lan-baldintza txarren ondorio baizik", salatu zuten.

Ordezkari sindikalen hitzetan, "lan-istripuen atzean prekarietatea dago; beraz, lan-istripuak saihestu daitezke, neurri egokiak hartzen badira".

Hildakoen senitartekoei eta Ondarroako herriari doluminak eman zizkieten bi sindikatuetako ordezkariek.

Udalak bi dolu egin deitu ditu

Bestalde, Udalak bi dolu egun deitu ditu, eta bat egin du sindikatuek iragarritako mobilizazioekin.

Udalak ezohiko saioa egin zuen atzo arrantzaleen kofradia zaharrean. Zunbeltz Bedialauneta (EH Bildu) alkateak bere alderdiak eta EAJk adostutako adierazpen instituzionala irakurri zuen bertan.

Testuan, Udalak istripua zerk eragin duen argitzea eskatu zuen, eta elkartasuna adierazi zien hildako langileen senideei. Gainera, babes ekonomikoa eskaini zien.

Halaber, atzo aurreratu zuenez, balizko erantzuleen aurka epaiketa egiten bada, herri akusazio gisa pertsonatuko da.

Udalak gertatutakoari buruzko informazio guztia emateko eskatu dio jada Santa Clara enpresari.

"Lan egiten dugunon segurtasuna minimoki ezin badugu bermatu, zerbait larria ari da gertatzen gure gizartean", esan zuen Udalak, eta "enpresariak etekina ateratzeko nahia beste edozein helbururen gainetik" jartzea tamalgarria dela erantsi zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Bizkaia Ekonomia 2024 Ondarroa Eguneko albisteak