Itxi

Ekonomia

'Mundura begira' jardunaldia

Urkullu: 'Nazioartekotzea euskal ekonomia suspertzeko gakoa da'

Agentziak | Erredakzioa

Euskal enpresak atzerrian jardutearen garrantzia azpimarratu du lehendakariak Nazioartekotzeko Euskal Partzuergoak antolatutako lehen ekintza bateratuan.

1:22

Euskal ekonomia eta enplegua suspertzeko nazioartekotzeak duen garrantzia azpimarratu du Iñigo Urkullu lehendakariak. Haren ustez, "lekuan lekuko merkatuak gertutik ezagutzeak enpresa zein herri mailako erabaki garrantzitsuak hartzen laguntzen du".

"Mundura Begira" izeneko jardunaldietan egin ditu adierazpenok lehendakariak. Nazioartekotzeko Euskal Partzuergoak lehen ekintza bateratua antolatu du asteazken honetan Bilboko Euskalduna Jauregian. Atzerrian negozio aukerak aztertzeko eta nazioartekotzean aditu diren lagunak entzuteko hitzordua da gaurkoa 500 enpresa baino gehiagorentzat.

2014an osatu zuten Euskal Nazioartekotze Partzuergoa Jaurlaritzak, hiru foru aldundiek eta Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hiru merkataritza ganberek; eta erakunde hauetako ordezkariak izan dira jardunaldian, lehendakaria eta Arantxa Tapia Ekonomia Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua buru zituztela.

Urkulluk bere agerraldian esan duenez, erakunde hau "gakoa" da euskal industria bultzatzeko, sektore honek gidatuko baitu, haren esanetan, EAEko ekonomia.

"Albiste oso txarrak izan ditzakegu, ArcelorMittalek Zumarragako lantegian atzo iragarritakoaren tankerakoak, baina gure industriaren susperraldia, urratsez urrats, hamarrekoz hamarreko, puntuz puntu, errealitate bat da", azpimarratu du.

Lehendakariak nabarmendu duenez, Financial Times egunkari britainiarrak Eusko Jaurlaritzaren 'Invest in the Basque Country' estrategia saritu berri du, "Euskadi atzerriko inbertsiorako konektibitate onena duen europar eskualdea" baita.

Urkulluren hitzetan, "Euskadik tradizioa eta esperientzia ditu merkatu globalean, baina ondo baino hobeto dakigu gehiago egin behar dugula". Horren harian, EAEn 20.000 milioi eurotik gorako balioa duten esportazioak egiten direla eta merkataritza balantzak BPGaren % 7,5eko balioa duela esan du lehendakariak. Dena dela, "herri bezala, gehiago egin nahi dugu; gehiago egin ahal dugu, eta gehiago egin behar dugu", erantsi du.

Testuinguru honetan, Nazioartekotzeko Euskal Partzuergoaren garrantzia nabarmendu du Urkulluk, "euskal ekonomia globalarentzako pizgarria ez ezik, gobernantza eredu berri bat ere ezarri baitu".

Lehentasunezko bost merkatu

Bilbon egiten ari den jardunaldiak "ezin hobeto" irudikatzen du, Urkulluren ustez, "kanpora begira lankidetza eta lan bateratua bultzatzea erabaki dugun zazpi erakundeon espiritua", eta espresuki eskertu eta babestu du erakunde horietako bakoitzak ekimen bateratu honetan egindako lana.

Alemania, Txina, AEB, Mexiko eta Hegoafrika, tamainaz zein potentzialtasunez, Euskadiren lehentasunezko kanpo merkatuak direla adierazi du Urkulluk, eta "indar publikoak zein pribatuak barruan ere indarrak biltzen jarraitu behar du", azaldu du. "Hauxe da, hain zuzen, gure herriko proiektu ekonomiko estrategikoei laguntzeko abiarazi dugun Euskal Inbertsio Funtsaren helburua", gaineratu du.

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena