Ekonomia -

2010 eta 2011 bitartean

Azpiegiturentzat 17.000 milioi bideratuko ditu Espainiako Gobernuak

Garraio sareak hobetzeko bideratuko dute aurrekontua. Zapaterok esan du ez duela kostu gehigarria suposatuko eta Gobernuak aurreikusitako gastu publikoa errespetatzen duela.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2010-2011 urte bitartean azpiegiturak egiteko 17.000 milioi euro bideratuko ditu Zapateroren Gobernuak. Finantziazio publikoa eta pribatua erabiliko ditu aparteko inbertsio plan hori abiatzeko.

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak esan du Azpiegituren Aparteko Egitasmoak ez duela kostu gehigarririk izango eta Gobernuak aurreikusitako gastu publikoaren murrizketa errespetatzen duela.

Zapaterok (Madrilgo Chamartin geltokian aurkeztu du egitasmoa) azpimarratu du elkarlan publiko-pribatua formula "berritzailea" dela eta "inoiz egin den estrategia zabalena" dela.

Gobernuko presidenteak espero du enpresa pribatuek eta finantza erakundeek paper garrantzitsua jokatuko dutela.

Egitasmoa

Inbertsio horren zatirik handiena (%70), alegia 11.900 milioi euro, gertuko eta goi mailako trenbide sareak eta merkantzien garraio sareak hobetzeko izango da. Gainerako %30 (5.100 milioi), berriz, errepideak eta garraio publikoa hobetzeko bideratuko dute.

Europako Inbertsio Bankuak, Maileguen Erakunde Ofizialak, Bankuen Espainiako Elkarteak eta Aurrezki Kutxen Espainiako Elkarteak emango dute dirua.

Egitasmoa kontzesio eredu batean oinarrituko da, horrela, Gobernuak azpiegiturak eraikita eta martxan daudenean ordainduko ditu, urteroko kanon baten bitartez eta "denbora epe luze batean", 25 edo 30 urtetan.

Kontu publikoak, beraz, 2014an hasiko dira inbertsioa nabaritzen, azpiegiturak martxan daudenean, eta inoiz ez du gaindituko Sustapen Ministerioak horrelako proiektuetara bideratutako diruaren % 8.

Asmo handieneko egitasmo publiko-pribatua

Inmaculada Rodriguez Piñeiro Azpiegituren Estatu idazkariak proiektuaren berri emateko ekitaldiaren aurretik adierazi duenez, "elkarlan publiko-pribatuak azpiegituren alorrean inoiz izan duen asmo handieneko proiektua da".

Era berean, inspekzioen bitartez eta "beharrezkoa denean zigorrak" ezarriz, inbertsio pribatua izango duen plana kontrolpean egongo dela ziurtatu du Estatu idazkariak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea