Ekonomia -
Europako Banku Zentrala
Trichetek Greziaren porrot ekonomikoa baztertu du
Greaziako burtsak galera handiak izan ditu azken hiru egunotan. Bestalde, Europako Banku Zentraleko presidentearen hitzetan, "irregularra" izango da Euroguneko hazkundea.
Erredakzioa
Krisia gogorren astintzen ari den Grezian, bertako burtsak galera handiak izan ditu gaur berriro. % 5eko galera izatera iritsi da momenturen batean. Horrek agerian utzi du Greziako ekonomiaren sinesgarritasun falta, herrialdeak egoerari buelta emateko duen gaitasunaz zalantza handiak dituzte nazioarteko merkatuek.
Hala ere, Jean Claude Trichet Europako Banku Zentraleko presidentearen hitzetan, Euroguneko interes-tasaren maila "egokia" da, nahiz eta suspertze ekonomikoa "irregularra" izango den. Era berean, Greziak bere erronka ekonomikoei aurre egiteko gai izatea espero duela esan du Europako Banku Zentraleko presidenteak. Ildo horretan, Greziaren ustezko ordainketa-etendura ez duela aurreikusten gaineratu du.
Zuzendaritza Batzordearen ohiko bileraren osteko prentsaurrekoan, diruaren prezioa zegoenean utzi du Europako Banku Zentralak, %1ean jarraituko du. Ekonomiaren susperraldia moteldu nahi ez duelako hartu du erabakia Europako Banku Zentralak.
Hori horrela, epe ertain eta epe luzera Euroguneko inflazio aukerak "bere horretan jarraituko" dutela uste du Trichetek.
Greziako erreskatea, gobernu bakoitzaren esku
Tricheten hitzetan, beraien esku duten informazioa kontutan izanda, Greziaren ordainketa-etendura "ez da aukera", baina aldi berean, beharrezkoa balitz, Euroguneko gobernuak (Nazioarteko Diru Funtsarekin batera) Grezia laguntzearen alde agertu da.