Ekonomia -

Kofradien bilera

Pertsonako eta eguneko gehienez 100 kg antxoa arrantzatuko dituzte

Martxoaren 22an adostu zutena egingo dute, beraz, datorren astean Galiziako, Asturiaseko, Kantabriako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kofradiek.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Galiziako, Asturiasko, Kantabriako, Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleen kofradien federazioak akordioa lotu dute gaur antxoaren arrantza mugatzeko, eta datorren astean pertsonako eta eguneko gehienez 100 kilo arrantzatuko dituzte.

Kantauriko arrantzaleen ordezkariek bilera egin dute gaur Bilbon itsasoaren egoera aztertzeko eta datorren astean arrantza egitera atera ala ez eta zein baldintzetan erabakitzeko.

Bileraren ostean, Iñaki Zabaleta Bizkaiko arrantzaleen presidenteak azaldu duenez, Santanderren iragan martxoaren 22an adostutako bera egingo dute: ehun kilo pertsonako eta eguneko.

Zabaletak argitu duenez, hiru egunetan bakarrik irtengo dira itsasora datorren astean: asteartean, asteazkenean eta ostegunean.

Hurrengo asteari dagokionez -apirilaren 19koa-, berriz, Bizkaiko itsasoko arrantzale kofradien federazioek erabaki dute gehienez 600 kilo antxoa arrantzatu ahal izango direla arrantzaleko, astero; eta ontziko, 3.000 kilo, gehienez, egunean.

Dena dela, kofradiek ez dute baztertzen baldintza horiek aldatzea datorren astean, itsasoaren egoeraren arabera. Hala, ondo aztertu ondoren, litekeena da antxoaren arrantza-kupoa igo edo jaistea datorren astean.

Martxoaren 1ean ireki zen antxoaren arrantza-garaia, bost urtez debekatuta egon ostean. Portura bokarta gutxi eta tamaina txikikoa iristen zela ikusita, arrantzaleek eurek jarri zizkieten kupo horiek euren buruari, arrantza jasangarria izan dadin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea