Ekonomia -
Mobilizazioak
Maiatzetik aurrera lanuzteak errepikatu daitezke Bizkaibusen
200 bat langilek elkarretaratzea egin dute Bilbon, Foru Aldundiko egoitzaren aurrean. Akordioak bermatzeko “bustitzea” eskatu diote beharginek Foru Gobernuari.
Agentziak | Erredakzioa
Gaur hasitako mobilizazioek emaitzarik ez baldin badute maiatzetik aurrera lanuzteak egiteko aukera planteatu dute Bizkaibuseko sindikatuek. Enpresa emakidadunekin eta Aldundiarekin adostutako akordioak bermatzea eskatzen dute sindikatuek.
200 bat langilek elkarretaratzea egin dute Bilbon, goizean, Foru Aldundiko egoitzaren aurrean. Akordioak bermatzeko, zerbitzuko enpresen aurrean “bustitzea” eskatu diote beharginek Foru Gobernuari.
Elkarretaratzeek emaitzarik ez baldin badute maiatzetik aurrera “lanuzteak berriro” egingo dituztela ohartarazi du Oscar Bajo UGTko ordezkariak.
13 greba egun
Aldundiak Bizkaibuseko emakidadunak duela ia urte eta erdi berritu zituela gogorarazi dute sindikatuek. Aurreko emakidadunetako langileak subrogatzeko konpromisoa hartu zuten aldeek akordioan.
13 greba egun egin ondoren, Bizkaibuseko lanpostuak mantentzeko (1.300 bat) akordioa sinatu zuten sindikatuek eta Aldundiak 2014ko urrian.
Ia urte eta erdi geroago, enpresa batzuk lanpostuak “amortizatu” dituzte eta bost enpresa emakidadunetako beharginek lan-hitzarmenik gabe jarraitzen dute; izan ere, 2014ko abenduan amaitu ziren, sindikatuek salatu dutenez.