Krisi Ekonomikoa -

Lan-gatazka

Aldundiak eta sindikatuek Bizkaibusen greba amaitzea adostu dute

Bizkaibusi zerbitzua ematen dioten enpresetako langileek akordioa berretsi behar dute astelehenean. Hala ere, Bizkaibuseko langileak lanera itzuli dira dagoeneko.

Bizkaibuseko autobusa. Artxiboko irudia: EiTB
Bizkaibuseko autobusa. Artxiboko irudia: EiTB
Bizkaibus normaltasunez hasi da zerbitzua ematen

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Foru Aldundiak eta sindikatuek akordioa lortu dute, eta langileek astelehenean hasi zuten greba mugagabea bertan behera geratu da.

EAEko CCOOk jakitera eman duenez, akordioa "oso positiboa" da; izan ere, langileen eskaera gehienak jasotzen omen ditu. Bizkaibusi zerbitzua ematen dioten enpresetako langileek berretsi behar dute orain. Langileek astelehenean egingo dituzte batzarrak. Akordioa berretsiz gero, azaroaren 4an sinatuko dute, baina akordioa baztertuz gero, grebari ekingo diote berriro, egun horretan bertan.

Normaltasuna, berriro

Bozketa egin aurretik, hala ere, Bizkaibuseko langileak lanera itzuli dira, eta zerbitzua normaltasunez emango dute.

Bizkaiko Foru Aldundia "gustura" agertu da Bizkaibusen gatazkari amaiera emango dion akordioa lortu eta gero. Aldundiko iturriek jakitera eman dutenez, Itziar Garamendi Garraio diputatuak bihar egingo du agerraldia akordioaren nondik norakoak azaltzeko. 09:30ean Herri Lan eta Garraio Batzordea bildu eta gero egingo du.

Bizkaibusen ordezkaritza duten bost sindikatuek (ELA, UGT, CCOO, LAB eta LSB-USO) akordioa sinatu dute. Akordioaren arabera, zerbitzuak orain arte bezala mantenduko dituztela azaldu du sindikatuetako bozeramaile batek. Hala ere, apirilaren 15a baino lehen Aldundiarekin adostutako lineak martxan jarri ahal izateko “malguak” izango dira sindikatuak.

2013ko urriaren 4an adostutako lanpostuen kopurua mantenduko dela zehazten du akordioak. Sindikatuetako bozeramailearen hitzetan, “lanik egin gabe soldata kobratuko duenik ez da izango, hori da garrantzitsuena”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea