Ekonomia -
2015eko datuak
EAEko biztanleko BPGa, Estatukoa baino ia heren bat handiagoa
Hala, batez bestekoa 30.459 eurokoa da. Nafarroan, berriz, 28.682 euroan geratu da biztanleko BPGa, eta Estatuan, 23.290 euroan.
agentziak | erredakzioa
Biztanleko Barne Produktu Gordina (BPG) 30.459 eurora iritsi zen 2015ean EAEn, Espainiako Estatuko bigarren postura, Madrilgo Erkidegoaren atzetik, eta Estatuko batez bestekoa (23.290 euro) baino % 30,8 gorago. Nafarroan, berriz, biztanleko BPGa 28.682 eurokoa izan zen iaz, Estatuko batez bestekoa baino % 23,2 altuagoa.
Espainiako Estatistika Institutuak (INE) 2015ari dagozkion datuak zabaldu ditu gaur, eta Espainiako Estatuko BPGaren hazkundea % 3,2koa izan zela berretsi du.
EAEren kasuan, BPGaren hazkundea % 3,1ekoa izan zen, INEren arabera, baina Eustatek zabaldu zuena % 2,8koa izan zen, azken zortzi urteetako altuena. Ohikoa da bi erakundeen datuek ez bat egitea, metodologia desberdinekin egiten dituztelako kontuak, baina biak onartzen ditu Eurostatek.
Hala eta guztiz ere, INEren datuek agerian uzten dute BPGaren hazkundea Estatuko batez bestekotik beherago geratu bada ere, biztanleko BPGa bigarren handiena dela.