Ekonomia -

Elkarrizketa Financial Timesen

Defizita "kosta ahala kosta" murriztuko duela esan du Zapaterok

Espainiako Gobernuko presidenteak ziurtatu du bete egingo dutela aurten abiatutako herstura plana, baina ez du baztertu neurri zorrotzagoak hartzea.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidenteak adierazi du bete egingo dituela defizita murrizteko konpromisoak, "kosta ahala kosta", eta Espainia ez dela jaitsiko "nazioen bigarren mailara".

Financial Times egunkariak egindako elkarrizketa batean, Zapaterok ziurtatu bete egingo duela bere Gobernuak aurten abiatutako herstura plana, baina ez du baztertu neurri zorrotzagoak ezartzea Espainia atzeralditik ateratzeko.

Aipatu herstura plana indarrean dago jada, eta hainbat neurri ditu, hala nola administrazio guztien gastu publikoa murriztea, langile publikoen kontratazioa izoztea eta zergak igotzea.

Dena dela, Zapaterok zehaztu du Espainiak ahalegin handia egin behar duela langabeak babesteko eta ekoizpena eta jarduera ekonomikoa "ahal beste" handitzeko.

Langabeziaren aurka egin ahal izateko, gobernuburuak enpresaburuen eta sindikatuen artean akordioa lortzearen alde egin du, kontratazioa malgutzeko, baina "langileen eskubideak bermatuta".

Segurtasunari buruzko goi-bilera

Bestalde, Zapatero Washingtonera joango da gaur segurtasunari buruz Barack Obamak eta beste 40 agintarik antolatutako goi-bileran parte hartzeko.

Helburua nazioartean material nuklearra babestea eta terroristek bereganatzea saihesteko lankidetza indartzea izango da.

Hirugarren aldia izango da Zapatero AEBetako hiriburuan egongo dela. Dena dela, oraingoan ez da Obamarekin batzartuko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea