Ekonomia -
Lan-erreforma
Austriako eredua aztertzea proposatu du Espainiako Gobernuak
Aldi baterako lan-kontratuak ez zigortzea eta kaleratzeak ordaintzeko langile bakoitzeko fondo bat sortzea proposatu die Lan Ministerioak enpresei.
Erredakzioa
Aldi baterako lan-kontratuak ez zigortzea eta Austriako eredua aztertzea proposatu die Espainiako Gobernuak enpresei lan-erreforma egiteko dokumentu berri batean. Eredu horren arabera, kaleratzeen kalte-ordainak ordaintzeko fondo bat sortu beharko lukete enpresek.
CEOE eta CEPYME patronalak eta CCOO eta UGT sindikatuak deitu ditu Lan Ministerioak arratsaldean Elkarrizketa Sozialeko mahaira, eta bertan lan-erreforma egiteko proposamen berria helarazi die.
Austriako ereduaren formulak enpleguaren egonkortasun eta mugikortasun "osasuntsuago bat" areagotuko lukeela esaten du dokumentuan.
Hala ere, eredu hori Espainiako merkatuan nola ezarriko luketen ez du azaltzen Exekutiboak.
Mota honetako ekimenetan aurrera egitea lan-merkatuko egiturazko arazo "larriena" konpontzeko "erabilgarri" izan daitekeela uste du Gobernuak: Aldi baterako langileen eta langile finkoen dualtasuna.
Enplegua sustatzeko kontratua
Era berean, enplegua sustatzeko kontratua hedatzea nahi du Espainiako Exekutiboak. Lan-kontratu mota hau 1997an sortu zuten.
Zentzu horretan, enplegua sustatzeko kontratu berrietan kaleratze kolektiboen kostuen zati bat "salbuetsi" nahi du Gobernuak, baina "langileen eskubideei eragin gabe".
Gainera, enplegua sustatzeko kontratuen kalte-ordaina 33 egunekoa izatea (orain 45 egunekoa da) proposatu du Lan Ministerioak.
Gazteen alde egiteko, enplegu arazoak dituzten 16-30 urte bitartekoetan hobariak zentralizatu nahi ditu Gobernuak.