Ekonomia -

JARDUNALDIAK

Toña: 'Duintasunez bizitzea ahalbidetuko duen lana sortzea da erronka'

Enpleguaren Euskal Estrategia 2020 planerako ekarpenak jaso ditu gaur Eusko Jaurlaritzak, Bilbon antolatu dituen jardunaldietan. Bertan hitz egin du Toñak, lan munduaren orainaz eta geroaz.

Angel Toña, gaur, Bilbon EiTB.
Euskadiko langabezia %10era jaistea da helburua

1:17

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak esan duenez, lan mundua "asko" ari da aldatzen eta are gehiago aldatuko da datozen urteotan.  Hori dela eta, horren inguruko hausnarketa egitea eta etorkizuneko erronken inguruko gogoeta egitea ezinbestekotzat jo du. Toñaren aburuz, azken urteotan izan duen bilakaera ikusita, "ez dakigu nora eramango gaituen lan munduak etorkizunean".

Enpleguaren Euskal Estrategia 2020 planerako ekarpenak jaso ditu gaur Eusko Jaurlaritzak, Bilbon antolatu dituen jardunaldietan. Bertan  hitz egin du Toñak, lan munduaren orainaz eta geroaz. Lan munduko eragile publikoak eta pribatuak hartu dute parte jardunaldietan, eta horien guztien ekarpenak jaso ditu Enplegu sailak, prestatzen ari den plangintza osatzeko. Bi hilabete barru, maiatzaren amaierarako, estrategia plana amaituta egotea da Jaurlaritzaren helburua.

Aurrera begira, sailburuaren esanetan,  "herritarrei lana eskaintzea da erronka nagusia, baina ez edozein lan, duintasunez bizitzea ahalbidetuko duen enplegu bat".  Gogora ekarri duenez, legealdiaren hasieran Eusko Jaurlaritzak enplegu plan bat jarri zuen abian. Krisiak euskal ekonomia gogorren astindu duen urteetan EAEn 100.000 enplegu suntsitu zirela nabarmendu du Toñak. "Horrek milaka herritarrei eragin die. Herritar horiek berreskuratzeko behar morala eta soziala daukagu. Gogoetarako ordua heldu da", gaineratu du.

Garatzen ari diren estrategia planean, besteak beste, lehentasuna izango du langabeak berriro lan munduan txertatzeak eta gizon eta emakumeen arteko lan aukera berdintasuna sustatzeak. Herritarren prestakuntzak ere berebiziko garrantzia izango du Jaurlaritzaren egitasmoan, Toñak aurreratu duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa gaur Eusko Jaurlaritza albisteak Lana albisteak Ekonomia Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa