Ekonomia -
Eusko Legebiltzarra
Suhiltzaileen legea atzera botatzea eskatu du oposizioak
Julen Arzuaga EH Bilduren legebiltzarkideak Jaurlaritzaren jarrera salatu du, legea sindikatuekin negoziatzeari eta adosteari uko egin diolako.
agentziak | erredakzioa
EH Bilduk, PSE-EEk eta PPk Eusko Jaurlaritzaren Suteen Prebentzio eta Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzuak Arautzeko Legea atzera botatzea eskatu dute, "hutsune larriak" dituelako, eta profesional "ia guztien gaitzespena" jaso dutelako.
Legebiltzarreko oposizioko hiru alderdi nagusiek osoko zuzenketak jarri dituzte gaur suhiltzaileen legea horren aurka, kalean mobilizazio ugari izan ostean.
Azken mobilizazioa ostiralean izan zen; izan ere, ehunka suhiltzaile atera ziren kalera Gasteizen proiektua atzera botatzeko, zerbitzuaren pribatizazioari ateak irekitzen dizkiolakoan.
Julen Arzuaga EH Bilduren legebiltzarkideak prentsa-oharra bidali du Jaurlaritzaren jarrera salatzeko, legea sindikatuekin negoziatzeari eta adosteari uko egin diolako, eta gainerako alderdi politikoekin adostasunera heltzeko ahaleginik ere egin ez duelako.
"EAJk harrokeriaz eta zabarkeriaz jokatu du, ez da gutxiengoan dagoela ohartu, bere proiektua inposatu nahi izan du, eta bakarrik geratu da", azaldu du Arzuagak, eta Urkulluren Jaurlaritzaren irtenbide bakarra proiektua atzera botatzea dela erantsi du.
Era berean, Arzuagaren ustez, Jaurlaritzak proposatzen duen legea "akatsez eta hutsunez beteta" dago, eta ez die erantzun egokia ematen "sektorearen beharrei".
Mikel Unzalu PSE-EEren legebiltzarkidearen iritzian, berriz, araua "errealitatetik urrun" dago, eta "sindikatu guztien gaitzespena" jaso du.
Sozialistek arabera, beste hainbat akats larri daude, "suhiltzaileen egitekoa" ez delako zehazten, eta horrek "suhiltzaile laguntzaileak eta suhiltzaile boluntarioak" sortzea ekarri duelako.
Arrazoi hori bera argudiatuta jarri du PPk ere osoko zuzenketa.