Ekonomia -

Lan eskaintza publikoa

Osakidetzako sindikatuak: LEPak ez du behin-behinekotasuna konponduko

Aldi baterako kontratua duten 10.000 lagunetatik 925ek bakarrik lortuko dute lanpostu finkoa, ELAk salatu duenez.

Ospitaleko medikuentzat lanpostu ugari eskainiko ditu LEPak. EiTB
Osakidetza. EITB
Ospitaleko medikuentzat lanpostu ugari eskainiko ditu LEPak. EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kritiko azaldu dira ELA, CCOO eta UGT sindikatuak Osakidetzaren Lan Eskaintza Publikoarekin (LEP). Euren ustez, aterako diren 1.200 lanpostuak ez dira "nahikoak", eta ez dute euskal osasun zerbitzuan dagoen "behin-behinekotasunaren arazoa konponduko".

ELAk ohar batean adierazi duenez, Darponek iragarritako eskaintza gorabehera, behin-behinekotasuna % 30 gorakoa izango da Osakidetzan. Sindikatuaren datuen arabera, aldi baterako kontratua duten 10.000 langileetatik 925ek bakarrik eskuratuko dute kontratu finkoa.

Txiki Muñozek zuzentzen duen sindikatuaren iritzian, behin-behinekotasun tasa hori ez da "kalitatezko osasun zerbitzu batekin bateragarria, eta administrazio publikoko printzipioen kontrakoa da. Hala, betiere ELAk azpimarratu duenez, argi geratu da Urkulluren gobernuaren lehentasuna ez dela "kalitatezko osasun publikoa".

Ildo beretik mintzatu da CCOO., Sindikatuaren aburuz, 2017an egingo duten Lan Eskaintza Publikoak ez du "behin-behinekotasunaren arazoa konponduko, asmoa ez delako hura murriztea, hura makillatzea baizik".

CCOOk nabarmendu duenez, eskaintzak "ez die Osakidetzaren langileen beharrizanei aurre egingo". Unai Sordok gidatzen duen sindikatuak "hauteskunde" kutsua igarri dio eskaintzari.

UGT Euskadi ere kritiko agertu da. Jaurlaritzaren "negoziazio borondate eza" salatu du sindikatuak, eta eskainitako lanpostu kopurua "nahikoa ez" dela azpimarratu. Haren iritzian, Osakidetzaren beharrei erantzuteko, gutxienez 3.000 lanpostu atera beharko lituzkete eskaintzara.

LEPa onartzeko aukeratutako garaia ere hizpide hartu du UGT Euskadik: "Dekretu bidez onartu dute, nahieran, eta hauteskundeen atarian".

Eskainiko dituzten kategoriak eta lanpostu kopurua ere argitzeko eskatu dio Osakidetzari. "Errezeloa daukagu lanpostuak osasun arlokoak izango direla, baina Osakidetza denok osatzen dugu: osasun arloko langileok eta gainerakook. Kategoria guztietan egonkortu behar da enplegua", salatu du sindikatuak.

SATSE erizainen sindikatuak eta Euskadiko Mediku Sindikatuak ez dute, oraingoz, baloraziorik egin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Langileen Alkartasuna Lana Ekonomia albisteak Eguneko albisteak