Ekonomia -

Baina ez dute atzera bota

Oposizioak kritikatu egin du 'Zurbanoko dekretua'

PPk, CiUk, EAJk, ERCk, CCk, UPNk eta UPyDk araua babestu dute, baina kritiko agertu dira. Bien bitartean, IUk, ICVk, BNGk eta NaBaik abstenituko direla baieztatu dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak krisiari aurre egiteko neurrien dekretua "nahikoa" ez dela adierazi dute gaur oposizioko talde guztiek Diputatuen Kongresuan. Horrela, ''Zurbanoko akordioak'' nahikoa ez direla uste du oposizioak, eta "krisiaren kontrako Estatu Ituna" inola ere ez direla azaldu du. Hala ere, alderdiek ez dute kontrako botorik iragarri.

Horrela, PPk, CIUk, EAJk, ERCk, Coalicion Canariak, UPNk eta UPyDk araua babestu dute, baina kritika eginez. Bien bitartean, IUk, ICVk, BNGk eta NaBaik abstenituko direla baieztatu dute. Araua duela aste batzuk eztabaidatu zuten Elena Salgado presidenteordearekin, Jose Blanco Sustapen ministroarekin eta Miguel Sebastian Industria ministroarekin.

Salgadori gogor erantzun diote bozeramaileek, araua aurkeztu ostean. Presidenteordeak azaldu duenez, dekretua "emaitza ona da" eta "adostasunak" lortzeko guztien "lana eta esfortzua" justifikatzen du. Arauak "ekonomia suspertzea" bilatzen du.

PP

"Eraginkortasun gutxiko neurri sinpleak" ekartzea leporatu dio Cristobal Montoro PPko bozeramaileak Gobernuari, eta Salgado, Blanco, Sebastian eta Exekutiboko gainerako ministroak Ganberan izatea eskertu du ironiko. "Argazkiaren Gobernua" osatzen dutela esan die Montorok.

EAJ

Bestalde, neurriak lehenago hartu behar izan zirela adierazi du Pedro Azpiazu EAJko bozeramaileak. Nahiz eta ekonomiari "lagundu", neurriak irtenbidea ez direla erantsi du. "Terapia honek ez du osatzen, baina ez dago kontraindikatuta", esan du diputatu abertzaleak. Gobernuak krisiaren aurrean azaldutako kontzientzia falta deitoratu du Azpiazuk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea