Ekonomia -
Nazioarteko Diru Funtsa
Espainiak herri aberatsetako langabezia handiena izango du 2010ean
Aurten Espainiako langabezia-tasa % 19,4koa izango eta ekonomia % 0,4 uzkurtuko da, Nazioarteko Diru Funtsaren datuen arabera.
Erredakzioa
Aurten Espainiak Europako trenaren azken bagoian jarraituko du, eta herri aberatsetako langabezia handienari aurre egiteaz gain, ekonomiaren % 0,4ko uzkurdurari aurre egin beharko dio, Nazioarteko Diru Funtsaren datuen arabera.
Espainiak ez dio atzeraldi ekonomikoari agur esango urte bukaerara arte; ildo horretan, 2011rako Espainiako ekonomiak % 0,9 gora egitea espero du Nazioarteko Diru funtsak, Gobernu zentralak aurreikusitakoa (% 1,8) baino gutxiago.
"Munduko Etorkizun Ekonomikoa" txostenaren ondorioak aurkeztu ditu gaur Nazioarteko Diru Funtsak Washingtonen.
Barne produktu gordinaren datuak oso itxaropentsuak ez badira, are itxaropen gutxiagokoak dira langabeziarenak: 2010ean % 19,4raino helduko da, 2011an % 18,7ra, eta 2012an % 17koa izango da.
Euroguneko batez besteko datuen gainetik daude Espainiako emaitza ekonomikoak; izan ere, aurten eta 2011n Europako langabezia % 10,5ekoa izango da.
Ildo orokorrean, Nazioarteko Diru Funtsaren hitzetan, Europa atzeraldi ekonomikotik ateratzen ari da beste erregio batzuk baino astiroago.
Europako susperraldia gelditzen duten indarren artean, Greziaren egoera hedatzeko aukera aipatu du Nazioarteko Diru Funtsak; izan ere, hori izango litzateke epe laburrean Europako arriskurik handiena.
Moneta eremuari dagokionez, interes-tasa "baxuak salbuespenez" mantentzea egokia dela deritzo Nazioarteko Diru Funtsaren txostenak.
Mundu ekonomia
Mundu ekonomiak hobera egin du eta % 4,2 gora egitea espero du Nazioarteko Diru Funtsak; batez ere, merkatu azaleratu berriei esker.
Nazioarteko Diru Funtsaren arabera, suspertze ekonomikoaren buruan Asia jarraituko du, eta horren atzetik Latinoamerika.