Ekonomia -
Europako Banku Zentrala
500 euroko billetea ekoizteari utziko dio Europako Bankuak
2018an etengo dute behin betiko diru-paper horren produkzioari, baina jada inprimatuta dauden 500 euroko billeteek legezko izaten jarraituko dute.
Agentziak | Erredakzioa
Europako Banku Zentralak 500 euroko billeteak ekoizteari utziko dio 2018an. Hala ere, jada indarrean dauden billeteek legezko izaten jarraituko dute, hau da, balioa mantenduko dute eta, beraz, ordainketak egiteko erabili ahalko dira.
EBZren gobernu kontseiluak gaur iragarri du diru-paper hori inprimatzeari uztea erabaki duela.
“500 euroko billeteak legez kanpoko jarduerak ahalbidetzen dituenaren kezka daukagu”, esan du Europako Bankuak.
Izan ere, 500 euroko billeteak diru-zuritzearekin, legez kanpoko jarduerekin, ezkutuko ekonomiarekin edo terrorismoaren finantzazioarekin lotzen dira. Hortaz, erabaki honek jarduera horiei guztiei aurre egiten lagunduko duelakoan daude.
Diru-paper horren produkzioa pixkanaka murriztuko dute, eta 2018a amaitu baino lehen behin betiko etengo dute ekoizpena.
Gainerako diru-paperak, 5 eurokotik hasi eta 200 eurokoetaraino, bere horretan mantenduko dituzte.