Ekonomia -
Krisi ekonomikoa
Finantza erreforma babesteko eskatu dio Obamak Wall Streeti
"Zergadunek egindako erreskateak amaitu eta kontsumitzaileak babestuko" ditu erreformak, AEBetako presidenteak azaldu duenez.
Erredakazioa
Gardentasuna eta konfiantza areagotzeko finantza erreforma babes dezaten eskatu die Wall Streeteko exekutiboei Barack Obama AEBetako presidenteak, etorkizunean krisiak saihesteko. Ekimena Senatuan eztabaidatuko dute.
700 bat lagunen, horien artean Wall Streeteko exekutiboen, aurrean emandako hitzaldian, Manhattanen, finantza erreformaren helburuak zerrendatu ditu Obamak, izan ere, finantza-sistema horren krisiak atzeraldi ekonomikoa eragin zuen.
"Zergadunek egindako erreskateak amaitu, finantza transakzio konplexuak argitara eman, kontsumitzaileak babestu eta finantza sisteman botere gehiago emango die akziodunei" erreformak, presidenteak azaldu duenez.
"Capitol Hillera heldu diren presio taldeak eta eztabaidan eragiteko milioiak xahutu dituzten enpresak" kritikatu ditu agintariak, eta ezberdintasun ideologikoak albo batera uztearen alde agertu da, "finantza-sistemaren ezegonkortasuna eragin zuten arazoei" aurre egiteko.
Obamaren ahotan, "gehiegikeriak ekiditeko bermeak daudenean soilik dira merkatuak aske, eta funtzionatzen du sistemak. Arauak errespetatuz jokatzea, iruzur egitea baino errentagarriagoa da. Erreformak hori, eta ez beste ezer, lortu nahi du".