Ekonomia -
automobilgintza
Amaya Telleria taldea erosiko du CIE Automotivek, 186 milioiren truke
Ermuan du egoitza Amaya Telleria taldeak. Gaur eman dute erosketaren berri, baina oraindik agintarien baimenak lortu behar ditu.
Agentziak | Erredakzioa
CIE Automotive ibilgailuentzako zatiak egiten dituen enpresak Amaya Telleria taldea erosiko du 186 milioi euro ordainduta.
Astelehen honetan eman dio konpainiak operazioaren berri Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari, eta 2016ko hirugarren hiruhilekoan gauzatuko da, agintari guztien baimenak jasotakoan.
Enpresak emandako datuen arabera, Amaya Telleria taldearen Ebitdaren (zergak, amortizazioak eta balio-galerak kontuan hartu gabe izandako etekina) halako sei da eskainitakoa.
CIE Automotivek bere finantza baliabide ohikoak erabiliko ditu operazioaren lehen zatia (112 milioi) ordaintzeko, eta gainerakoa 2017ko lehen hiruhilekoan pagatuko du.
Amaya Telleria 1958an Ermuan sortutako industria taldea da. Ibilgailuen osagaiak egiten ditu, eta 800 bat langile ditu Euskadin, Galizian, Eslovakian, Mexikon eta Brasilen dituen lantegietan. 2015ean, 134 milioi euroko fakturazioa izan zuen.