Ekonomia -

Lan ezbeharra

Luze joko du Baionako leherketak argitzeko ikerketak

Soldatze lanetan gertatutako ezbeharra izan zen eztanden iturburu, lehen hipotesien arabera.

Leherketak kalteak egin zituen gertu dagoen zaharren egoitza batean. Argazkia: Franck Dolosor (EiTB)
Baionako leherketa zergatik gertatu zen ikertzen ari da polizia

1:17

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Baionako Saint-Etienneko industrialdeko Derichebourg enpresan atzo izandako leherketen ikerketak luze joko duela uste dute adituek. Bi lagun hil eta zazpi zauritu ziren elkarren segidako bi eztandetan.

Azken baliabideekin egingo dute ikerketa eta Frantzian lan horietan dauden aditu onenak arituko dira eztanden arrazoia argitu nahian.

Soldatze lanetan gertatutako ezbeharra aipatu dute hipotesi nagusi gisa. Burdina mozten ari ziren langileak, eta uneren batean, txinparta batek azetileno bonbona bat jo zuen: orduan jazo zen lehen leherketa, betiere ikertzaileek dituzten lehen zantzuen arabera.

Baionako Fiskaltzak abiatutako ikerketaren arabera, arduragabekeriagatik edo segurtasun arauak ez errespetatzeagatik egindako nahigabeko homizidioa leporatuko diete enpresako arduradunei.

Sindikatuek salatu dutenez, Derichebourg enpresak ez zuen SEVESO kategoria, segurtasunean handiena. LABen hitzetan, atzoko biak zenbatuta, aurten 20 lagun hil dira Euskal Herrian lan-istripuetan.

Bien bitartean, apurka-apurka bada ere, normaltasunera itzultzen ari dira industrialdearen ondoan dagoen Seque auzoan. Inguruko lantegietan, haurtzaindegian eta zaharren egoitzan ohiko martxa dute gaur.

Franck Dolosor EiTBk Ipar Euskal Herrian duen berriemaileak emandako azken balantzaren arabera, zazpi lagun zauritu ziren ezbeharrean (hasiera batean, hiru zirela jakinarazi zen). Denak arriskutik kanpo daude.

 

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Iparraldea berriak Baionako argazkiak Ekonomia Eguneko albisteak