Ekonomia -
INEren datuak
Langabezia % 20ra igo da lehenengo hiruhilekoan, Estatuan
Ostiralean egingo dituzte datuok ofizial, baina INEren webgunean argitaratu dituzte dagoeneko nahigabe. EAEko eta Nafarroako langabezia datuak ez dira hain txarrak, % 10,91 eta %12,32 hurrenez hurren.
Erredakzioa
Espainiako Estatuan 286.200 langabe gehiago zenbatu dituzte aurtengo lehenengo hiruhilekoan, eta orotara 4.612.700 dira, hau da, biztanleria aktiboaren % 20,05, ABC egunkariak, Espainiako Estatistika Institutuak webgunean akats informatiko baten erruz argitaratutako datuetan oinarrituta, jakinarazi duenez.
ABC-k INEren Biztanleria Aktiboaren Inkestaren emaitzak argitaratu ditu, Estatistika Institutuak hilaren 30ean publiko egin behar zituenak, baina "akats baten ondorioz atzo webgunean zintzilikatu" zituenak. Datuak sarean argitaratu eta minutu gutxira, hala ere, kendu egin zituzten.
2010eko lehenengo hiruhilekoan % 20,05eko langabezia-tasa zegoen, 1997ko amaieratik (% 20,11) izan den altuena.
EAE eta Nafarroa ondoen
Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) da langabezia gutxien duen erkidegoa Estatu osoan, % 10,91ko indizearekin. Horren atzetik geratu dira Nafarroa, % 12,32rekin, eta Kantabria, %14,49rekin.
Kontrako aldean, berriz, Kanarietan dago langabezia-tasa altuena (%27,68), baina gertu dago Andaluzia (% 27,21).
INEk ostiralean argitaratuko ditu datu ofizialak, aurreikusita zuen moduan.