Ekonomia -
Emaitzak
BBKk 60,7 milioi irabazi ditu urteko lehen hiruhilekoan
Iazko epe berean baino %0,2 gehiago irabazi du Bilbao Bizkaia Kutxak, batez ere negozio bolumenak izan duen bilakaera onaren ondorioz.
Erredakzioa
Bilbao Bizkaia Kutxak (BBK) 60,7 milioi euroko irabaziak izan ditu 2010. urteko lehen hiruhilekoan, iazko tarte berean baino %0,2 gehiago. BBKko arduradunen arabera, hazkunde hau negozio bolumenak izan duen bilakaera onaren eraginez lortu da, %7,5 hazi baita, bai eta administrazioko gastuei eusteko ezarri diren politiken emaitzen ondorioz ere.
BBK-ko iturriek gaur jakinarazi dutenez, interesen %23 jaitsi da urteko lehen hiruhilekoan, 2009ko interes tipoen gainbeherarengatik, eta jaitsiera hauek BBKren hipoteketan isla zuzena izaten baitute, gutxieneko interesik gabeko hipotekak dira-eta. Marjin gordina, bestetik, %3 txikitu da.
Ustiapen emaitza %1 hazi da, gastuei eusteko ezarri diren politikek bultzatuta. Horrela, administrazioko gastuak %2,9 murriztu dira, eta BBKren eraginkortasunak, gastuak eta marjina alderatzen dituena, iazkoaren aldean hobetzen jarraitzen du eta alorreko onenetarikoa da, %34,69ko indizearekin.
Berankortasun maila, berriro, aurrezki kutxa eta banku guztien arteko onenetakoa da, %2,60koa, hain zuzen ere. Estaldura indizeari dagokionez, %99,22ra iristen da.
2010eko lehen hiruhilekoan bereziki azpimarragarria izan da negozio bolumenak izan duen hazkundea, %7,5 igo baita, xehekako sareak izan duen bilakaera onaren bitartez, hau %5,4 hazi da-eta.
Administraturiko baliabideek "erritmo onean" jarraitu dute hazten (%12,7), eta bilakaera horretan "erabakiorra" izan da Finecok BBKren Banka Pribatuarekin behin betirako bat egin izana, bai eta zedula hipotekarioak merkaturatu izana ere, 2009ko azken hiruhilekoan.
Halaber, deigarria da bistako gordailuak %13,3 hazi izana, eta epe laburreko saldoak epe luzera aldatu izana. Hazkunde hau bereziki azpimarragarria da "pasiboko gerra" zabalik den testuinguru honatan, are gehiago BBK ez baita norgehiagoka horretan sartu.