Ekonomia -

Frantziako lan-erreforma

Langileen protesta batek auto-ilara luzeak sortu ditu Biriatun

Zirkulazioa dagoeneko etorri da bere onera. CGT, Aitzina, LAB, EHBai eta CCOO sindikatuek hartu dute parte ekintzan.

Frantziako lan-erreformaren aurkako protesta Biriatun. Argazkia: Andoni Lizeaga
Frantziako lan-erreformaren aurkako protesta Biriatun. Argazkia: Andoni Lizeaga
Portestek muga itxi dute erretentzioak eraginez

1:16

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lan-erreformaren aurkako protestak direla eta, gaur Biriatuko ordainlekuan arazo handiak izan dira, manifestariek zirkulazioa blokeatu baitute bertan. CGT, Aitzina, LAB, EHBai eta CCOO sindikatuek hartu dute parte ekintzan.

Ilarak 12:00ak aldera hasi dira pilatzen muga itxita dagoelako, baina ordu batzuen ostean normaltasunera itzuli da ibilgailuen joan-etorria. Arazoak kamioiei eragin die gehienbat.

Aldez aurretik Irungo Udalak ohar bidez iragarri duenez, auto-ilara luzeak sortzea espero zuten, eta horrek bertako trafikoan, eskoletako autobus zerbitzuan eta garraio zerbitzuan ere eragin zuzena izan zezakeela ohartarazi du. Aurreko asteetan egindako mobilizazioen ondorioz, auto-ilara luzeak sortu ziren inguru horretan.

Lan-erreformaren aurkako mobilizazioak eta manifestazioak egunerokoak dira azken hilabeteetan Ipar Euskal Herrian eta Frantzia osoan. Langileen iragarpenen arabera, Hollanderen lan erreformaren aurkako borrokak “ez du etenik izango”.

Greba mugagabea tren zerbitzuan

Ipar Euskal Herrian eta Frantzia osoan gogortzen ari dira langileen eskubideen aldeko protestak. Batetik, Gobernuaren lan-erreforma salatzeko ekimenak ez dira apaldu, eta, bestetik, trenbide zerbitzu publikoa berrantolatzeko proiektuaren aurrean greba mugagabea abiatu dute tren zerbitzuan bart.

Trenbideak konpondu eta mantzentzeko ardura duten langileek, esaterako, duela hiru hilabete hasi zituzten lanuzteak. Gobernuak egin nahi dituen erreformak laneko baldintza guztiak bertan behera utziko dituela salatu dute, eta erreforma bertan behera uzten ez duten bitartean, aurrera egingo dutela esan dute.

Orain arte, egunez egin dituzte lanuzteak, baina atzo, 19:00etan, beste urrats bat gehiago ematea erabaki eta greba mugagabea hasi dute. Trenbide bidezko zerbitzua erreformatzeko proiektuaren kontra egiteaz gain, lan-erreformaren aurkako mobilizazioekin bat egin dute.

Bihar, Parisko metroa eta portuak

Hala ere, mobilizazioak ez dira hemen bukatuko, hurrengo egunetarako lanuzte eta protesta gehiago iragarri baitituzte. Bihar bertan, greba mugagabea hasiko dute Parisko metroan, eta autobus zerbitzuan ere lanuzteak iragarri dituzte. Portuetako langileek ere, mobilizazio eguna deitu dute biharko.

Ostiralean, aireportuetako langileek egingo dute bat protestekin. Mobilizazioa hiru egunekoa izango dela baieztatu dute.

Findegietan ere, lanuzteek ez dute etenik, eta gasolina-zerbitzuguneetako arazoak gero eta handiagoak dira.

Sindikatuen hitzetan, Frantziako Gobernuak Eurokoparen hasierarako bilatu nahi du irtenbidea, baina aldeak oso urrun daude oraindik. Eurokopa ekainaren 10ean hasiko da, eta lau egun geroago, ekainaren 14an, manifestazio handia deitu dute sindikatuek. Lan-erreforma ekainaren 28an bozkatuko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea Grebak Lana albisteak Frantzia berriak Ekonomia berriak Albisteak