Ekonomia -
Madrilgo bulegoak
Santander bankuaren egoitza 7 orduz miatu du Guardia Zibilak
Agenteak Boadilla del Monteko (Madril) bulegoetara joan dira, HSBC bankuaren aurkako auziaren markoan informazioa biltzeko asmoz.
Agentziak | Erredakzioa
Guardia Zibila Santander bankuaren bulegoetan agertu da, HSBC bankuaren kontrako auziaren markoan hainbat kontu korronteren informazioa biltzeko asmoz, Falciani izeneko zerrendarekin lotuta.
Auzitegi Nazionaleko argibideetako 5. epaitegi zentralaren eskuetan dago auzia.
UCOko guardia zibilak Santander bankuaren Finantza Hirian azaldu dira gaur goizean, Boadilla del Monten (Madril), eta bertan zazpi ordu eman dituzte. Hainbat agiri eraman dituzte, formato digitalean.
Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak eskatuta operazioa abiatu dute, Jose de la Mata Auzitegi Nazionaleko epailea zuzentzen ari den ikerketaren markoan. HSBC bankuaren ustezko kapitalen zuritzea ikertzen ari dira.
Guardia Zibilak eskatutako informazioaren harira, Santander Bankuak informazio bilketan lagunduko duela esan du, eta eskatutako informazioaren inguruan "eskura dituen datuak" eskainiko dituela ziurtatu du.
Sumario-sekretua
Falciani zerrenda ikertzeko, kontu korronte zehatz batzuen inguruko informazioa eskatu du De la Mata epaileak, iturri juridikoek azaldu dutenez. Magistratuak sumario-sekretua ezarri du.
Herve Falciani informatikariak ustezko zerga-iruzurgileen zerrenda bat osatu zuen 2006 eta 2008 arteko informazioarekin, HSBC Erresuma Batuko bankuaren Suitzako filialean lan egin zuenean, Genevan.
Falcianiri esker, milaka zergapekoen kontu susmagarriak antzeman zituen Frantziako Justiziak. Datuak lankidetza fiskalaren barruan akordioak dituen herrialdeei bidali zizkion Frantziak, besteak beste, Espainiari.
HSBC bankuan Espainiako 659 zergadunen 3.000 kontu daudela uste dute, zerrendan.