Ekonomia -
ERAKUSKETA EKOLOGIKOA
Bioterraren XIII. edizioa izango da asteburuan zehar
Aurten 190 erakustoki egongo dira, aurreko edizioarekin alderatuta % 13ko igoera suposatzen duena. Halaber, kanpoko gunean proposamen gastronomiko ekologikoak egongo dira.
Agentziak | Erredakzioa
Bioterraren XIII. edizioak, produktu ekologikoak, energia berriztagarriak eta bioeraikuntzarekin lotutako erakusketak bilduko ditu 190 standetan. Aurreko urteko edizioarekin alderatuta, % 13ko igoera suposatzen du, antolatzaileek iragarri dutenez.
Aurtengo edizioak ostiral honetan, hilak 3, irekiko ditu ateak eta igandera arte egongo da erakusketa bisitatzeko aukera. Ordutegia honako hau izango da: ostiralean eta igandean, 10:00etatik 20:00etara, eta, larunbatean, 21:00etara arte luzatuko da. Sarrerak hiru euroko balioa izango du, baina hamabi urtetik beherako umeek doan sartzeko aukera izango dute.
Azokak berrikuntza nabarmen bat izango du aurten. Izan ere, kanpoaldean erakustoki bat jarriko dute, Bioterraza izenekoa. Bertan, proposamen gastronomiko ekologikoak eskainiko dira. Gainera, Biobeauty guneak kontsumo sostengarriari buruz informatuko du, baita osasunarekin eta elikadurarekin lotutako beste gai batzuen inguruan ere.
Geobat espazioak bioeraikuntzarekin eta energia berriztagarriekin lotutako gaiak hartuko ditu, eta, orotara, 43 erakusmahai izango dira bertan, hau da, iaz baino % 45 gehiago. Hain zuzen ere, energia berriztagarrien alorreko proposamenak eta bioeraikuntzarako material naturalak aurkeztuko dituzte esparru horretan.
Naturall espazioa osasunari eta ongizateari buruzkoa izango da, eta higiene naturala izango du ardatz. 59 erakustoki egongo dira han.
Halaber, 23 hitzaldi eskainiko dituzte, hainbat alorretakoak, hala nola eraginkortasun energetikoa, elikadurak osasunean duen eragina, autokontsumo elektrikoa, hiri-baratzeak eta klima aldaketa. Adin guztietarako tailerrak eta erakusketak ere eskainiko dituzte.