Ekonomia -
Iparraldeko Renania-Westfalia
Merkelen koalizioak boterea galdu du hauteskundeetan
Eskualdeko hauteskundeetako emaitzen ondorioz, Kristaudemokraten Batasunak Budestrateko, Parlamentuko, gehiengoa galdu du. 2006an baino % 10 boto gutxiago jaso ditu.
Erredakzioa
Alemaniako Iparraldeko Renania-Westfaliako hauteskundeetako emaitza ofizialek Angela Merkel kantzilerraren Kristaudemokraten Batasunaren botere galera baieztatu dute. Berlingo Bundestrateko, Parlamentuko, gehiengoa galdu du horrela Merkelen alderdiak.
Nahiz eta Merkelen CDUk hauteskundeak irabazi Alemaniako estatu jendetsuenean (18 milioi biztanle), galtzaile handiena ere bada 2006ko emaitzekin alderatuta % 10 boto gutxiago jaso dituelako.
Hauteskunde Batzordeak jakinarazi duenez, CDUk botoen % 34,6 eskuratu du Iparraldeko Renania-Westfalian, eta oposizioko sozialdemokratek % 34,5, inoizko emaitza estuenetan.
Berdeek, berriz, botoen % 12,1 lortu dituzte eta duela bost urteko emaitzak bikoiztu dituzte, liberalek botoen % 6,7 eskuratu dute eta Ezkerrak % 5,6 (lehenengo aldiz ordezkariak izango ditu Düsseldorfeko ganberan).
Kristaudemokratek eta Liberalek orain arte zuten gobernu-koalizioaren botere galera ekarriko dute emaitzok, eta sozialdemokratek berdeekin egin dezakete akordioa, nahiz eta bien artean ez izan Parlamentuko gehiengoaren babesa.
Eserlekuka, CDUk 67 lortu ditu, SPDk beste hainbeste, Berdeek 23, liberalek 12 eta Ezkerrak 11.
Matematikoki posible da koalizio handi bat egitea kristaudemokraten eta sozialdemokraten artean, edo sozialdemokraten eta berdeen artean, agian Ezkerra batzeko aukerarekin.
Proiektuak baztertu beharko ditu
Orain, argi geratzen da Merkelek legegintzaldiko proiektu garrantzitsuenetako batzuk baztertu beharko dituela; zergak jaisteko erreforma fiskala eta osasun publikoaren erreforma besteak beste.
Gainera, Alemaniako 17 zentral nuklear ixteko egutegia ez dute bete ahal izango.
Adituen arabera, kantzilerrak Greziako krisiaren aurrean izan duen jarreraren eta gai horrek Gobernuaren baitan sortu dituen desadostasunen ondorio direla hauteskundeetako emaitza txarrak.