Ekonomia -
Telefonia
Masmovil konpainiak Yoigo erosiko du 612 milioi euroren truke
Erosketa horren ostean Espainiako laugarren operadorea izango da, 4,2 milioi bezerorekin. Masmovilen akzioak izugarri igo dira azken orduotan.
Agentziak | Erredakzioa
Masmovil konpainia telefonikoak Yoigo operadorea erosiko duela iragarri du astearte honetan, ekainak 21. Helburu horrekin, 612 milioi euro ordainduko ditu Masmovilek, eta Espainiako laugarren operadorea izango da, 4,2 milioi bezerorekin.
Masmovilek azaldu duenez, erosketa horren balioak Yoigoren akzioak, kredituak eta zorrak hartzen ditu kontuan. Era berean, dagoeneko 30 milioi euro ordaindu dituela esan du ohar baten bidez.
Baina erosketa gauzatu ahal izateko, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak (MLBN) bere oniritzia eman behar du urtea amaitu aurretik.
2014an, Ibercom enpresa donostiarrarekin batu zen Masmovil, eta, apirilaren amaieran, Pepephone operadore birtualaren erosketa iragarri zuen.
Masmovilen akzioak % 6,5 igo dira Yoigo erosiko duela esan ostean.