Ekonomia -
Defizitaren aurkako plana
Neurriak, "urriak" izan arren, EAEn indarrean jartzea nahi du SEAk
Juan Ugarte Arabako enpresarien elkarteko idazkari nagusiak Alemaniako eredura gerturatzeko pausoak eskatu ditu, enpresariek "barne malgutasun" neurriak hartzeko aukerak izan ditzaten.
Erredakzioa
Juan Ugarte SEA Arabako Enpresarien elkarteko idazkari nagusiak esan du Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak atzo iragarri zituen neurriak EAEn aplikatuko direla espero duela, "urriak" direla uste duen arren.
Arabako patronalaren egoitzan emandako prentsaurrekoan, Ugartek ontzat jo ditu defizit publikoa murrizteko Gobernu espainiarrak hartuko dituen neurriak, baina kezka agertu du inbertsioa murriztuko dutelako eta ez direlako egiturazko erreformak egingo lan merkatuan eta pentsioetan.
Lan erreformari dagokionez, "irtenbide partzialen garaia" pasa dela eta "ausardia" eskatu dio Gobernu zentralari lan erreforma "lehenbailehen" egiteko.
Ugartek Alemaniako eredua aldarrikatu du enpresariek "barne malgutasun" neurriak hartzeko aukera izan dezaten, behin behineko jardunaldi eta soldata murrizketak tarteko, horrekin lan erregulaziorako espedienteak saihesteko.
SEAren idazkari nagusiak uste du helburu nagusia lanpostuak mantentzea izan behar dela, eta horretarako, enpresei merkatuaren aldaketetara egokitzeko lan markoa eman behar zaiela.