Ekonomia -
Polizia-operazioa
Gipuzkoan eta Nafarroan iruzur egiten zuen talde bat indargabetu dute
10 milioi euro berreskuratu dituzte, Nafarroako, Kataluniako eta Estatuko poliziak egindako ikerketan.
Erredakzioa
Hamar pertsona atxilotu dituzte azken egunotan, Gipuzkoan, Nafarroan, Estatu espainiarreko beste zenbait tokitan eta Portugalen iruzur egin eta dirua zuritzeagatik. Polizia-ikerketari esker, 10 milioi euro berreskuratu dituzte.
Operazioa iaz ipini zuten abian, iruzurra jasandako aseguru-etxe baten salaketaren ondorioz. Antza denez, gehiegizko kalte-ordaina eskatu zuten Tolosako enpresa batean gertatuko istripuaren harira. Beraz, Ertzaintza jazotakoa ikertzen hasi zen.
Hala, Gipuzkoan, Nafarroan, Estatu espainiarreko beste zenbait lekutan eta Portugalen ontziak eta enbalajeak egiten zituzten 50 enpresa inguru atzeman zituzten. Gehienek ez zuten jarduera legalik, faktura faltsuak baino ez baitzituzten helarazten. Modu horretan, aseguru-etxeei eta erakunde publikoei eskatutako diru-laguntzak justifikatzen zituzten. 1994. urtean hasi ziren legez kanpoko jarduera horiekin.
10 milioi euro berreskuratzeaz gain, zazpi ibilgailu ere atzeman dituzte operazioan. Era berean, hamabi etxebizitza miatu dituzte Gipuzkoan, Bizkaian, Nafarroan, Huescan eta Bartzelonan.
Iruzur-sarea bertan behera utzi dute guztiz eta atxilotuak epailearen esku utzi zituzten joan den asteburuan. Oraingoz aske daude, baina kargupean, eta hamabost egunetik behin epaitegira joateko betebeharra dute. Horrez gain, pasaportea kendu die guztiei.