Ekonomia -
Hegaluzearen kostera
Euskal arrantzaleak kezkati daude hegaluzearen gabeziagatik
Biomasaren txosten zientifikoen arabera, egon badago hegaluzea, baina arrain espezie migratzailea izanik, "ibilbide bat edo bestea har dezake".
agentziak | erredakzioa
Euskal arrantzaleak kezkati daude hegaluzearen gabeziagatik. Itsasontzi gehienek ez dute hegaluzerik topatu itsasoan, eta bada sasoia horiek arrantzatzeko.
Iñaki Zabaleta Bizkaiko Arrantzaleen Kofradiako presidenteak Efe albiste agentziari jakitera eman dionez, Atlantikoan hegaluzearen kostera egiten duten itsasontziek (euskaldunak, asturiarrak eta galegoak) "ez dute hegaluzerik aurkitzen".
"Galdera argi dago: non dago arraina? Egoerak itxura txarra dauka. Izan ere, garai honetarako hegaluze ugari izan beharko lirateke, baina ez da horrela, eta jendea kezkati dago", esan du Zabaletak.
Hegaluzearen kostera ekainaren lehen astean hasi zen eta urrira arte luza daiteke. "Nahiko denbora dago oraindik hegaluzea agertzeko, baina denbora azkar doa eta arraina ez da agertzen", azaldu du.
Zabaletak jakitera eman duenez, biomasaren txosten zientifikoen arabera, egon badago hegaluzea, baina arrain espezie migratzailea izanik, "ibilbide bat edo bestea har dezake".