Ekonomia -
Murrizketak
Legebiltzarkideen soldatak % 15 murriztea proposatuko du PSEk
Beste sektoreetan egingo diren murrizketen aurrean politikariak "eredu izan" behar direla adierazi dute sozialistek.
Erredakzioa
Legebiltzarkideen soldatak % 15 murriztea proposatuko du PSEk, izan ere, beste sektoreetan egingo diren murrizketen aurrean politikariak "eredu izan" behar direla uste dute sozialistek.
Blanca Roncal eta Jesus Loza sozialisten ordezkariek komunikatu baten bidez gaur iragarri dutenez, proposamena bihar igorriko diote Eusko Legebiltzarraren Mahaiari, "Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak iragarritako goi-kargudunen murrizketekin bat eginez".
Krisi ekonomikoak langileei "sakrifizio handiak" eskatzen dizkiela gogorarazi dute: Sektore pribatukoek azken bi urteetan murrizketak izan dituzte eta langabeziak kolpatu ditu, sektore publikokoei soldatak % 5 murriztuko dizkiete, lanpostua bermatzeko.
Horregatik, Legebiltzarreko Mahaiak "lehen pausoa ematen" duena izatea nahi du PSEk, Jose Antonio Pastor sozialisten bozeramaileak azaldu duenez.
Horrela, bihar ekimena planteatuko dute, Gobernu zentralaren planak erkidego ezberdinetan izango duen eragina ezagutu baino lehen.