Ekonomia -
Eurostat
Euroguneko urteko inflazioa % 1,5era igo da apirilean
Estatuan ere urteko inflazioaren joera antzekoa izan da. Alabaina, hilez hileko datuak aintzat hartuta, sei hamarrekotan gainditu du Euroguneko bataz bestekoa.
Erredakzioa
Euroguneko inflazio-tasa % 1,5ean kokatu zen apirilean, martxoan baino puntu bat gehiago. Hilabeteko tasa, berriz, % 0,5 hazi da, Eustaten datuen arabera.
Europar Batasunean, prezioak % 2ko hazkundea izan zuten apirilean, % 1,9koa martxoan eta % 1,3koa 2009ko martxoan. Hilabeteko inflazioa, berriz, % 0,4koa izan zen.
Europar Batasuneko estatuen kasuan eta martxoko datuekin alderatuta, sei herrialdetan behera egin zuen inflazioak apirilean, hirutan egonkor mantendu zen eta 17tan gora egin zuen. Inflazio-tasa txikienak ondoko herrialdeetan eman ziren: Letonian (-% 2,8), Irlandan (-% 2,5) eta Lituanian (-% 0,1). Tasa altuenak, berriz, Hungarian (%5,7), Grezian (%4,7) eta Errumanian (%4,2) erregistratu ziren.
Espainiaren kasuan, inflazioa Europako batez bestearekin bat etorri da, apirilean hamarren bat igo baita, % 1,6ra. Dena dela, hilabeteen arteko datuak oinarri hartuta, % 1,1 hazi da, hots, eurogunean baino sei hamarren gehiago.
Gehien garestitu diren sektoreak garraioa (% 5,9) eta alkohola eta tabakoa (% 4,2) izan dira. Aitzitik, inflazio maila txikiena aisialdia eta kultura (-% 1), komunikazioa (-% 0,6) eta elikagaiak (-% 0,2) taldeek izan dute.
Hilabeteen arteko datuei dagokienez, portzentaje handiena jantziek (% 3,2) eta garraioak (% 0,8) izan dute; eta txikienak aisialdiak eta kulturak (-% 1,1), komunikazioak (-% 0,2) eta hezkuntzak (-% 0,1).