Ekonomia -

Hipotekak

EBko abokatua, bankuek zoru-klausulen gainkostua ez ordaintzearen alde

Banketxeei eta Auzitegi Gorenari arrazoia eman die Europar Batasuneko abokatuak, eta klausulengatik sobera ordaindutako dirutza 2013tik aurrera pagatzearen alde egin du.

Bezero askok izenpetu zituzten zoru-klausulak zituzten hipotekak, kasu askotan, jakin barik. EiTB
Bezero askok izenpetu zituzten zoru-klausulak zituzten hipotekak, kasu askotan, jakin barik. EiTB
Zoru klausulen diru guztia ez bueltatzearen alde agertu da EBko abokatua

1:16

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurreneko ondorioak baino ez dira, baina itxura guztien arabera, bidea zehaztuko dute. Pablo Mengozzi Europar Batasuneko Auzitegiaren abokatu nagusiak arrazoia eman die Auzitegi Gorenari eta Espainiako banketxeei, eta hipoteken zoru-klausulengatik bezeroek sobera ordaindutakoaren zati bat bakarrik itzultzearen alde agertu da. Bankuek gora egin dute Burtsan; kontsumitzaileen elkarteak, berriz, erabakiarekin kexu dira.

Auzitegi Gorenak 2013ko maiatzaren 9an klausulok abusuzkoak zirela ebatzi zuen, baina sobera kobratutako dirutza itzultzeko epea zehaztu zuen: epaiaren data. Hori horrela, banketxeek ez lukete bezeroei zor zieten dirua hasieratik itzuli behar, eta 2013tik pilatutakoa bakarrik bueltatu beharko liekete.

Gorenaren erabaki hori, atzeraeragina mugatzearena alegia, Europako Zuzenbidearen araberakoa dela uste du abokatuak, eta diru guztia itzultzeak izango lituzkeen "ondorio makroekonomikoak" aipatu ditu argudio gisa.

Behin betiko erabakiaren zantzua

Abokatuak emandako iritziak ez dira lotesleak, baina Auzitegiaren behin betiko ebazpenarekin bat egiten dute gehienetan. Europar Batasuneko Auzitegiak urte amaieran emango du epaia.

Atzeraeragina guztiz aplikatuko balitz, 3.000 milioi euroko gainkostua izango lukete banketxeek, Goldman Sachsek egindako txosten baten arabera. Kostu hori handiagoa litzateke BBVAren defentsak egindako kalkuluaren arabera: 7.500 milioi euro. EBko Auzitegira jo zuten hiru epaitegik egindako galdeari erantzun die Mengozzik. Gorenak ezarritako atzeraeragin muga Europako Zuzenbidearekin bateragarria ote zen galdetu zuten Cajasur, BBVA eta Popular Bankuaren zoru-klausulen inguruko ebazpena eman zuten Granadako eta Alacanteko epaitegiek.

Abokatuak baietz uste du. Haren esanetan, zoru-klausulen inguruko Europako zuzentarauak ez ditu epaitegiek ezar ditzaketen mugen "baldintzak zehazten", eta Gorenak kontsumitzaileen eskubideen babesak eta "ondorio makroekonomikoak" balantza batean jarri behar ditu erabakia hartzeko. Abokatuaren iritzian, ondorio horiek atzeraeragina mugatzea justifika dezakete, kontsumitzailearen eta banketxearen arteko "oreka apurtu gabe".

Apirilaren aldeen iritziak entzuteko saioa egin zuten. Europar Batzordea atzeraeraginaren alde mintzatu zen, alegia, sobera kobratutako diru guztia itzultzearen alde. Abokatutza tesi horren aurka azaldu zen.

Banketxeak, gora, Burtsan

Hipoteka gehien dituen banketxea izanda, BBVA da gehien ordaindu beharko duena, 1.815 milioi euro gutxi gorabehera. Bigarren Caixabank dago, 660 milioi eurorekin. Popular Bankuak eta Bankiak 334 eta 160 milioi euro ordaindu beharko dituzte, hurrenez hurren.

Abokatuaren iritzia ezagututa, gora egin dute Espainiako banketxeek Burtsan.

Facua kontsumitzaileen elkartearen iritzian, EBko abokatuaren ondorioak "amorragarriak" dira, eta bankarien interesekiko duen "erabateko sentsibilitatea"ren erakusle dira. Abokatua ez da "mila milioiko iruzurra biktima izan diren familiekin" gogoratu, salatu du kontsumitzaileen elkarteak.

Espainiako Gobernuak auzian izan duen jarrera ere "gaitzesgarria" dela uste du Facuak, honek ere bankuen interesak defenditu dituztelako, kontsumitzaileenak barik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Hipotekak Ekonomia 2024 Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Etxebizitza Abokatuak