Ekonomia -
Gizon eta emakumeen artean
Umeak zaintzeko eszedentzietarako laguntzak berdinduko dituzte
Egun, gizonek emakumeek baino 600 euro gehiago jasotzen dituzte eszedentzia bakoitzeko (umeak, gaixoak edo pertsona dependenteak zaintzeko).
Erredakzioa
Seme-alabak eta dependenteak zaintzeko eszedentziak eta lanaldi murrizketak indartzeko helburuarekin, gizon eta emakumeei ematen dizkien diru-laguntzak berdinduko dituela iragarri du Gemma Zabaleta Gizarte Gaietako sailburuak.
Egun, gizonek emakumeek baino 600 euro gehiago jasotzen dituzte eszedentzia bakoitzeko (umeak, gaixoak edo pertsona dependenteak zaintzeko).
Gizonezkoek diru gehiago jasotzen badute ere, laguntza hauek eskatzen dituztenen portzentaia berdintsu dago: gizonak, orotara, kopuru osoaren % 5 edo 6ª besterik ez dira, Zabaletaren hitzetan.
Eusko Jaurlaritzak aste gutxi barru onartuko du lana eta familia bateragarri egiteko dekretu berria. Aurreko dekretuak jasotzen zituen neurriak oinarri hartuta, hainbat aldaketa egin ditu Zabaletak. Emakume eta gizonen arteko berdintasuna "bultzatzea" izango da dekretu berriaren helburu nagusia.
Jaurlaritzak eszedentzia hartzeko edo lanaldia murrizteko laguntzak emango ditu, bikoteak edo seme-alabaren batek gaixotasun larria duen kasuetan, eta seme-alaben oporrekin batera lana uztea erraztu egingo du.
Dekretu berriarekin, seme-alabek 8 urte izan arte eskatu ahal izango dira lanaldia murriztu edo eszedentzia hartzeko laguntzak (orain arte 6 urtekoa izan da muga hori).
Kasu gehienetan, laguntzen diru kopurua ere igo egingo da, zenbatekoa zehaztu ez badu ere.
Seme-alaben oporren kasuan, urtean zehar oporrekin batera 59 eguneko eszedentzia edo lan murrizketa hartu ahal izango dute gurasoek (lehen 59 egun horiek jarraian hartu behar zituzten).
Umeak zaintzeko langilea kontratatzeko laguntzek ere gora egingo dute, langilearen segurtasun sozialaren % 100 ordainduko baitu Jaurlaritzak, kontratatzen duen bikotea bataz besteko errentaren azpitik badago.