Ekonomia -

Bilbon

Sindikatu abertzaleek manifestazioa egingo dute ekainaren 12an

ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek Bilboko kaleetan egingo dute manifestazioa, Zapaterok iragarritako neurrien aurka.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek manifestazioa deitu dute datorren ekainak 12rako, Zapateroren Gobernuak iragarritako defizitaren aurkako neurrien kontra egiteko. Bilboko kaleetan egingo dute manifestazioa, arratsaldeko 17:30etan.

Aipatu sindikatuetako idazkari nagusiek prentsaurrekoa egin dute Bizkaiko hiriburuan manifestazioa iragartzeko. Horrez gain, datorren asteartean, hilak 25, Euskadiko sektore publikoan greba orokorra deitu dute

Ainhoa Etxaidek (LAB) Euskal Herriko hiritar guztiak gonbidatu ditu protestan parte hartzera. Manifestazioaren helburuetako bat, "Zapaterok iragarritako neurrien aurrean erakundeek duten jarrera erakusteko eskatzea" izango da. Alderdi politikoei "lan-erreformaren aurrean ezezko botoa emateko" eskatuko diete.

Adolfo Muñozen (ELA) hitzetan, alor ekonomikoan gertatzen ari dena "iskanbila hutsa da", hiritarrei "zer gertatzen den ezkutatzen zaielako". "Sektore publikoko langileei soldata murrizten dieten bitartean, bankuei eskatzen duten guztia ematen diete", nabarmendu du ELAko idazkari orokorrak.

"Putre baten antzera dabiltza bankuak, eskularru zuriko lapurren antzera. Espekulazioekin aurrera jarraitzen dute, eta Gobernuek, bitartean, babes politikoa ematen diete", esan du Muñoz.

"Garrantzitsuak diren erabakiak botere ekonomikoek" hartzen dituztela azpimarratu du ELAko buruak, botere politikoarekin batera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea