Ekonomia -

Bilkura Legebiltzarrean

AHTren obrak ez gelditzeko eskatu dio Legebiltzarrak Zapaterori

Jaurlaritzak esan du bere horretan mantenduko dutela 'Euskal Y'a eraikitzeko aurrekontua. Alabaina, onartu du ez dakiela Jose Blancok iragarritako murrizketa AHTrengan eragina izango duen ala ez.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko tren azpiegiturak ez gelditzeko eta ez atzeratzeko eskatu dio gaur Eusko Legebiltzarrak Espainiako Gobernuari, Abiadura Handiko Trenari aipu eginez. Ildo horretan, proiektu horietarako aurrikusitako aurrekontuak manten dezala galdegin dio. Jose Blanco Sustapen ministroak atzo iragarri zuenez, bere departamentuak doitze ekonomiko bat abian jarriko du eta inbertsioak murriztuko ditu, baina ez zuen argitu plan horrek AHTrengan eragingo duen ala ez. Eztabaida EAJk eraman du Legebiltzarrera. Ekimenak aurrera egin du, EAJk, PSEk eta PPk zuzendutako testu bat onartuta.

''Euskal Y''ren egitasmoa ez gelditzeko eta ez atzeratzeko eskatzeaz gain, Bilbo eta Santander arteko zatia eraikitzeko epeak zehazteko galdegin diote Espainiako Gobernuari, baita ''Euskal Y''aren ze zati izango diren bere eskumenekoak argitzea ere. Horrez gain, orain arte trenbideetako azpiegituretarako aurrikusita zeuden aurrekontuak inolako murrizketarik eta atzerapenik gabe indarrean jartzea exijitu dute. Egiteke dauden ikerketak eta proiektuak burutzeko ere eskatu diote Sustapen Ministerioari.

Trenbide-sarea Castrorekin (Kantabria) lotzeko beharrezkoak diren neurriak hartzeko ere galdegin dio Legebiltzarrak Espainiako Gobernuari.

Jaurlaritzak ez du AHT eraikitzeko inbertsioa murriztuko

Bestalde, Iñaki Arriola Garraio sailburuak esan du ez dakiela Jose Blanco Sustapen ministroak iragarritako murrizketa planak ''Euskal Y''an eragina izango duen, baina hala bada, eragina txikia izatea espero du, Espainiako Gobernuarentzat ere "proiektu estrategikoa delako".

Arriolak nabarmendu duenez, Eusko Jaurlaritzak ez du Abiadura Handiko Trena eraikitzeko inbertsioak murriztuko eta aurrekontuak bere horretan mantenduko ditu.

Horrez gain, Arriolak onartu du oraindik ez dakitela Espainiako Gobernuak ze egitasmotan eta zenbateko murrizketak egingo dituen. "Ez dugu xehetasunik; inork ez du datu zehatzik, oraingoz", erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea