Ekonomia -
Laboral Kutxaren txostena
EAE eta Nafarroa % 2,6 eta % 2,7 haziko dira 2016an
'Brexit'ak eragindako ziurgabetasun egoeraz ohartarazi du Laboral Kutxaren 2015eko 'Euskal Ekonomia' txostenak.
EITB.EUS
Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) eta Nafarroa % 2,6 eta % 2,7 haziko dira, hurrenez hurren, 2016an, Laboral Kutxaren "Euskal Ekonomia 2015" txostenaren arabera.
Txostenaren ondorioak aurkeztu dituzte gaur prentsaurrekoan Joseba Madariaga Kutxako Ikerketa Departamentuko zuzendariak eta Xabier Egibar Kutxako Negozio Garapenerako zuzendariak. 2015eko datuak aztertzeaz gain, 2016rako aurreikuspenak ere bildu dituzte txostenean.
Laboral Kutxaren arabera, azken urteetako eta, batez ere, 2015eko "susperraldiak indartsu" jarraituko du 2016an ere. Nolanahi ere, nazioarteko ziurgabetasun giroak eta azkenaldian 'Brexit'ak izan ditzaketen ondorioez ohartarazi dute txostenaren egileek. Hori horrela, aurreikuspen "arrazoizkoak" egin dituzte: EAEko ekonomia % 2,6 haziko da, eta Nafarroakoa, hamarren bat gehiago, % 2,7, alegia. Madariagaren eta Egibarren hitzetan, aurreikuspen horiek egiteko aintzat hartu dituzten datuak ‘Brexit’aren aurrekoak dira, eta, beraz, "prozesu horrek sorraraziko duen ziurgabetasunak beheranzko koska bat" eragin lezakeela azpimarratu dute, "koska horren zenbatekoa zehazterik ez badago ere".
Horiez gain, arreta jartzeko moduko "epe labur eta ertaineko desorekak" aipatu ditu Laboral Kutxak, hala nola, langabezia-tasa handia, ekonomiaren "desapalankatze-prozesua", eta biztanleria zahartzearen ondorioak.
2015eko egoera ekonomikoa hizpide, bi erkidegoetan izandako BPGren hazkundea (% 2,8, EAEn, eta %2,9, Nafarroan) eta enpleguaren bilakaera positiboa (% 1,3, EAEn, eta % 0,7, Nafarroan) nabarmendu ditu Laboral Kutxak. Azken honek "inflexio puntua" suposatu du, euskal kutxaren arabera. Langabezia-tasa murrizten doala azpimarratu dute 'Euskal Ekonomia" txostenaren egileek, "onartzeko moduko balioetatik urruti" dagoen arren. Sektore guztiek iaz izandako tasa positiboak aipatu dituzte, azkenik, Madariagak eta Egibarrek. Hori bai, EAEn eraikuntza sektoreak izandako hazkunde-tasa nulua deitoratu dute.
'Brexit'a
Erreserba Federalaren jokaerari eta Txinako ekonomiaren desazelerazioari, 'Brexit' auzia batu zaizkie aurten, eta horrek "ziurgabetasun handiko aroa irekiko du europar proiektuan", ohartarazi du Laboral Kutxak.
Hala, 2016ko ekonomia aurreikuspenak Erresuma Batuaren erabakia jakin baino lehen eginikoak direla nabarmen du kutxak, eta, horrenbestez, zehazteke dago prozesu horrek eragin dezakeen beherakada zenbatekoa izango ote den.