Ekonomia -

Defizitaren aurkako plana

Hazkunde aurrikuspena puntu erdi jaitsi dute murrizketen ondorioz

Bestalde, Ministroen Kontseiluak horrela onartu ostean, funtzionarioen soldatek % 0,56 eta % 7 bitartean egingo dute behera, talde eta mailaren arabera.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gastu publikoan murrizketak egitea onartu du gaur Ministroen Kontseiluak, eta horrek 2011rako hazkunde ekonomikoaren aurrikuspena % 1,3ra arte jaistera behartu du, hots, bost hamarren.

Aurten ekonomiak % 0,3 behera egingo duela mantentzen du Exekutiboak, Elena Salgado Ekonomia ministroak prentsaurrekoan azaldu duenez. Aurrikuspen hori baliozko izateko "tartea" dagoela uste du Salgadok.

2011rako aurrikuspen berria "oso kontserbadorea" dela azaldu du Salgadok, Espainiako ekonomiaren sendotzea euroguneko beste herrialde batzuen ekonomiekin bat egin dezake eta horrek Estatuari eragin diezaioke. Defizitaren eta hazkundearen artean aukeratu behar baldin bada, hobeto da defizit txikiago bat izatea, Ekonomia ministroak azaldu duenez.

Funtzionarioen soldatak

Ministroen Kontseiluak horrela onartu ostean, funtzionarien soldatek % 0,56 eta % 7 bitartean egingo dute behera, talde eta mailaren arabera. Ekainetik aurrera murrizketak oinarrizko soldatan zein antzinatasunean aplikatuko dira, baina aparteko ordainsariari ez diote eragingo, Gobernuak iragarri duenez.

Maria Teresa Fernandez de la Vega Gobernuko presidenteordeak prentsaurrekoan azaldu duenez, zuzendari nagusien kasuan soldatek % 8 egingo dute behera, idazkariordeena % 9 eta estatu-idazkariena % 10.

Gutxieneko murrizketa (% 0,56) E taldeko langileei egokituko zaie; % 2,75 C2 taldekoei; % 4,5 C1ekoei; % 5,75 A2 taldekoei eta %7 A1ekoei.

Era berean, Estatuko Administrazio Orokorraren barruan, osagarri espezifikoek eta bizilekutik kanpo jasotako osagarriek % 5eko murrizketa jasango dute; E kasuan izan ezik, % 1eko murrizketa izango dutelako.

Aurreztea

Bestalde, arratsaldean onartutako neurriekin 2010 eta 2011 artean 15.250 milioi euro aurreztuko dituztela adierazi du De la Vegak.

2010ean defizita 5.250 milioi eurotan murriztea espero dute eta 2011n murrizketa 10.000 milioi eurokoa izatea nahi dute, De la Vegak azaldu duenez.

2011n kotizaziopeko pentsioak bere horretan uztea Gizarte Segurantzan 1.400 milioi euro aurreztea suposatuko du, Elena Salgado Ekonomia ministroak esan duenez. Era berean, klase pasiboetan 130 milioi euro aurreztea espero du Salgadok.

Erretiro partziala hartzeko erregimen iragankorra desagertzeak 250 miloi euro aurreztuko ditu 2010ean, eta 150 milioi euro 2011n, Salgadoren hitzetan.

Zergen igoera

Errenta handienen zergak igotzeko "proposamen zehatzik ez" dagoela esan du Ekonomia ministroak, eta beharrezko neurria "dagokion unean" iragarriko dutela erantsi du.

Hala ere, "gehien duenak eta egoera hobean denak gutxien duenak baino gehiago ordaindu beharko du. Hori Gobernuaren helburuetako bat izan da, eta izaten jarraituko du", azpimarratu du agintariak.

Erantzuna

Gobernuak onartutako neurriak babestuko ez dituela iragarri du dagoeneko Cristobal Montoro PPko koordinatzailek ekonomikoak. "Bat-batean onartutako neurri bidegabeak dira", Montororen hitzetan. Gainera, "ez dira eraginkorrak" Espainia krisitik ateratzeko. "Herritarrek Gobernuaren akatsak ordaintzea ez dugu onartuko", gaineratu du.

Bestalde, herstura planak pentsiodunen, langile publikoen eta langabeen sorbalden gainean kargatzen du defizitaren murrizketa, CCOO sindikatuaren ahotan. Gainera, egitasmoak "ekonomiaren susperraldia atzeratuko du, langabezia hazi egingo da eta desoreka sozialak areagotuko ditu", nabarmendu du sindikatuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea