Ekonomia -
Maiatzaren 25eko greba
Sindikatuek gutxieneko zerbitzuen kontrako helegitea aurkeztu dute
ELA, LAB, ESK eta STEE-EILAS sindikatuen arabera, Jaurlaritzak "greba desaktibatzeko asmoa" du gutxieneko zerbitzuekin "greba egiteko eskubidea murriztuz".
Erredakzioa
ELA, LAB, ESK eta STEE-EILAS datorren maiatzaren 25ean greba egitera deitu duten sindikatuek helegitea aurkeztu dute ezarritako gutxieneko zerbitzuen kontra eta Eusko Jaurlaritzari "greba desaktibatu nahi izana" leporatu diote.
Lau sindikatuek komunikatu bat aurkeztu dute batera, ezarritako gutxieneko zerbitzuak "murriztaileak" direla salatuz, "greba egiteko ezinbesteko eskubidea mugatu nahi baitute".
Sindikatuen arabera, hezkuntza arloko erregulazioa "bereziki larria da". "Ulertezina" da oinarrizko zerbitzu dela esatea "egun bateko greban" eta zentro guztiak zabaltzea "behartzea".
Jaurlaritzak atzera egin dezala exigitu dute sindikatuek eta arlo publikoko langileak "ezarpen horiei aurre egitera" deitu dituzte, "askatasun osoz greba eskubidea burutzeko eta ezarri nahi dizkiguten neurriei aurre egiteko".