Ekonomia -
Ebazpena
ANk 12 urteko kartzela-zigorra jarri dio Afinsaren presidenteari
Zigiluetan aurrezkiak inbertitu zituzten 200.000 pertsonari piramide iruzurra egitea leporatzen diote.
agentziak | erredakzioa
Auzitegi Nazionalak 12 urte eta 10 hileko kartzela-zigorra jarri dio Juan Antonio Cano Afinsaren presidenteari, zigiluetan aurrezkiak inbertitu zituzten 200.000 pertsonari piramide iruzurra egitea leporatuta.
Gainera, 240.000 euroko isuna ordaindu beharko du, baina ez da zigorra jaso duen bakarra, beste hamar lagunek, tartean Carlos eta Albertino de Figueiredo kontseilari ohiek, 11 urteko kartzela-zigorrak jaso baitituzte.
Antzeko zigorra jaso dute Vicente Martin Peña Afinsaren kontu ikuskaritza batzordeko kideak (11 urte eta erdi), Emilio Ballester kontabilitate arduradun ohiak (10 urte eta hiru hilabete) eta Joaquin Jose Abajo kontseiluko idazkari ohiak (sei urte eta hiru hilabete), beharrezko laguntzaile izateagatik.
Zigortuek 2.574 milio euroko kalte-ordaina eman beharko diete 190.022 bezerori.
Zigor aretoko lehenengo sekzioak iruzur larria egotzi die, kalte orokortua izan zelako eta zuhur jokatu ez zutelako "klase ertaineko" jendeari "erretirorako edo krisi egoerei aurre egiteko zituzten aurrezkiak" kenduta.
Konpainiak martxan jarritakoa fikziozko negozioa zela ebatzi du epaitegiak, baliorik ez zuten zigiluei balio handia ematean oinarritua zelako.
Era berean, "informaziorik ez zuten eta sineskorrak" ziren bezeroei dirua itzultzea eta bankuek eskaintzen zuten interesa baino askoz altuagoa hitzematen zietela azaldu du Auzitegi Nazionalaren epaiak.
Francisco Guijarro hornitzailearen papera azpimarratu dute epaian, eta sei urte eta erdiko kartzela zigorra eta 69 milioi euroko isuna jarri diote, iruzurra, dirua zuritzea eta Ogasunaren kontrako delitua egotzita.
Esteban Perez Afinsaren AEBko filialaren presidenteari lau urteko zigorra jarri diote, Ramon Soler enkante enpresako zuzendariari 3 urtekoa, eta Joan eta Jordi Domingo adituei, bi urte eta hiru hilekoa.
Hala eta guztiz ere, Auzitegi Nazionalak absolbitu egin ditu Francisco Blazquez konpainiaren kontu ikuskaria eta Ramon Egurbide Afinsaren Europako operazioburua. Fiskaltzak 2 eta 8 urteko zigorra eskatzen zuen hiruen kontra, hurrenez hurren.